Kabulen milaka lagunek NATOren aurka egin dute

AEBetako tropek ustez koran bat erre dutela eta, barkamena eskatu du Leon Panetta Defentsa idazkariak

Erredakzioa
2012ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
NATOkBagramen duen egoitzaren aurrean, 3.000 lagun inguru bildu ziren atzo nazioarteko militarren kontrako protesta egiteko. Afganistango hiriburuaren ondoan dago Bragam.

«NATOren tropek koran bat apurtu eta erre dutelako dago hemen jendea protestan», azaldu du Roshna Khalid-ek, Parwan eskualdeko bozeramaileak —eskualde horretan du aliantzak base militarra —. Khaliden arabera, baseko langileek ikusi zituzten AEBetako militarrak koran bat erretzen astelehen gauean. Langile horiek erretako liburuaren orri zatiak atera dituzte basetik kanpora, geratutakoaren froga gisa.

Protestak hasi eta gutxira, ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrak —NATOk Afganistanen duen misioak— gertatutakoa ikertzeko agindu du. Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariak, berriz, barkamena eskatu du koran bat erretzeagatik. «Ekintza horiek ez dute AEBetako militarren iritzia adierazten. Afganistango herriaren erlijio praktika guztiak errespetatzen ditugu, inolako salbuespenik gabe», adierazi du Panettak.

Talibanekin hizketan

Hamid Karzai Afganistango presidenteak adierazi du «egunero» hitz egiten duela talibanekin, eta gatazkari konponbidea aurkitzeko ezinbestekoa dela bakea nola negoziatu jakitea. Australian esan ditu hitzok, SBS telebista katean. «Nik ez dut uste talibanek berriz ere boterea hartuko dutenik. Herritarrek ez lukete horrelakorik onartuko», esan du presidenteak. «Arazoa orain ez da non dauden. Pakistanek esan du bertan daudela. Arazoa orain Afganistanentzat eta Pakistanentzat bakea nola negoziatu da».

Bestalde, talibanek bahitutako lau zibili burua ebaki zieten atzo, Kabulgo gobernuaren espiak izatea leporatuta. Satelite bidezko sakelakoak zeramatzatelako hil dituzte, Helmad probintziako (herrialdearen hegoaldean) gobernadorearen bozeramaile Daud Ahmadik azaldu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.