Jose Mujica Uruguaiko presidentea babesten duen FA Fronte Zabalak proposatu zuen lege proiektua parlamentuan, eta ozta-ozta lortu du beharrezkoa zuen babesa; izan ere, Dario Perez FAko diputatua azken unera arte agertu da neurriaren kontra.
Perezek kritikatu du legea ez dela "herritik edo oinarrizko komitetik jaio, ezta alderdi politikotik ere". Kalamua "ikasleen eta langileen etsaia" dela gaineratu du. Nolanahi ere, FAko diputatua dela eta alderdiaren diziplina betetzen duela azaldu du. "Nire kideak dira eta haien bide bera egingo dut, baina asko falta da, bost edo hamar urte, egiten ari garenaren ondorioak ikusteko", erantsi du.
Oposizioko alderdiak kalamua landatzea eta saltzea onartzen duen legearen kontra azaldu dira, argudiatuz ez duela kontsumoa murriztuko, sustatu baizik. Halaber, kritikatu dute arauak ez duela jasotzen hezkuntza planik edo droga menpekotasunaren aurkakorik.
Legearen arabera, sei kalamu landare landatu ahal izango dira, eta herritarrek salerosketa arautzeko sortuko duten erakunde publiko batean erregistratu beharko dute. 40 gramo erosi ahal izango dituzte gehienez hilean.