Kanakyn, sindikalistak jomugan

Kaledonia Berria uhartean

ANDER FADDA PARIS
2008ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Frantziako justizia kolonialak hitz egin du. Noumeako auzitegiak kartzela zigorra ezarri die aste honetan 23 sindikalistari. Kanakyko (Kaledonia Berria) USTKE Langile Kanaken eta Esplotatuen Sindikatuen Batasuneko idazkari nagusiari, Gerard Jodarri, sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote; horrez gain, hurrengo hiru urtean ezin izango ditu baliatu herritar gisa dituen eskubideak, ekintza armatuaren bultzatzailetzat salatu dutelako. Zigorrik handiena Louis Kotra Uregei buruzagiari ezarri diote, urtebeteko kartzela; zigorrik txikiena, berriz, hilabeteko kartzela izan da.

Corinne Perron sindikatuak Parisen duen bozeramailearen ustez, Estatuak antzeko ekintzengatik ez du sekula ezarri halako kondenarik metropolian. USTKE da Kanaky uhartedian sorturiko lehenbiziko sindikatua. 1981ean sortu zuten, eta 5.000tik gora kide ditu, independentziaren aldeko kanakak eta frantsesak tartean. Urtarrilaz geroztik, Frantziarekin buruz buru dihardu Veoliaren mendeko Carsud enpresaren -metropoli eremuan dabilen autobus zerbitzuaren- aurka 2007. urtean ekindako greba dela bitarteko. Arrazoiak, sindikatu ordezkari bat lanetik egotzi izana. Joan den urtarrilaren 16an, 200dik gora polizia eta jendarmeenpresako sarrera eragozten zuen grebalari taldeari oldartu zitzaizkion. Oldarraldi hartan, eta haren ondoren etorri ziren borroketan, polizia indarrek sekula baino bortizkiago jardun zuten kanaken aurka, haiei erdeinuz zirika, basapiztien orroak antzeratuz, eta pertsona ugari zauritu zituzten, kale gorrian atxiloturikoekin giza muinoak osatzeraino... Hogeitik gora zauritu, 50 atxilotu, hamar sindikalista kartzelatuta, eta poliziako talde bereziak sindikatuko buruzagiei jazarri eta esetsi zitzaizkien zenbait astez.

Gerard Jodar buruzagia izan du batik bat jomuga jazarpen horrek. Frantziarra da Jodar, izatez, baina duela urte batzuk Noumean bizi da, eta aireportuko garraio enpresetako batean lan egiten du. USTKEren egoitzan gotortuta egon zen hilabete pasa, lankideek babesturik. Helikopteroak sarri-sarri ibili ziren egoitzaren gainetik hegaldaka, eta ia auzo osoa zeukan inguraturik Poliziak, buruzagia egoitzatik noiz irtengo zain, eta hura hantxe bertan harrapatzeko asmoz. Azkenean, goi agintariak amore eman behar izan zuen.

Frantziako CGTren babesa izan zuen sorreratik USTKEk, eta salaketa bat jarria zuen jasaten ari zen errepresio bortitzaren aurka. Froga mordoa aurkeztu zuen -telebistarako bideozintak eta lekukotzak-, Polizia zeharo gogaitarazteraino, eta barne kontuetarako ikuskaritza bat bidali behar izan zuten ikertzera. Uharteko hedabideek, bestalde, errepublikak uhartean duen goi agintariak egindako adierazpenak aipatu izan dituzte azken asteetan, eta baita patronalarenak ere -«terroristatzat» dauzka sindikalistak-.



HELEGITEA. Cecile Moresco USTKEko abokatuak dagoeneko adierazi du epaiaren aurka joko duela. Ouveako harpeko hilketaren 20. urteurrenarekin bat egiten du zigor horrek. Kanaken aurkako errepresioa bete-betean zenean, 1988an, Ouvea uharte txikiko jendarmeria hartu zuten militante independentistek. Hartzeak iraun zuen bitartean, lau jendarme hil zituzten, eta beste 27 atxilotu eta haitzuloan giltzapetu zituzten. Frantziako Gobernuak azken urteetako sarraskirik odoltsuena egin zuen orduan: Victor operazioa izenekoa. Maiatzaren 5ean, itsas armadako tropa bereziek eta zerbitzu sekretuetakoek aske utzi zituzten gatibuak. Emaitza, honako hau: 21 hildako; horietatik hemeretzi kanakak eta bi militarrak.

Gobernuak sindikalista kanaken aurka duen obsesioak azalpen bakarra dauka: multinazionalek aberasteko dituzten estrategien aurkako gizarte erresistentzia oro errotik erauztea; izan ere, ingurumena bera suntsitzeko gai dira haiek.

Parisen iragan apirilaren 21ean egin zen elkartasunezko mitinean 200dik gora pertsona bildu ziren; mintzalekuko oholtzara igota aritu ziren CGTko, SUDeko, CNTko eta Korsikako STC sindikatuko kideak. Jose Bove globalizazioaren aurkako militantea mintzatu zen azkenik. USTKE sindikatuak ezkerreko zenbait talderen eta hainbat sindikaturen elkartasuna bildu du metropolian, duela hainbat urtetatik hona. Kanakyren aldeko elkartasun batzordeak elkarretaratze baterako deia egin du, maiatzaren 7ko 15:00etan, Veoliako egoitza aurrean.

Kanaky uhartean duela hiru mila urtetik bizi dira melanesiarrak edo kanak. James Cook Erresuma Batuko kapitainak jarri zion 1774. urtean Kaledonia Berria izena. Frantziak 1.853 urtean okupatu zuen uharte nagusia eta bertakoen kontrako jazarpena jasi zen: kultura oso bat suntsitu eta erreserbetan bildu zituzten kanak. 1917. urtean okupazioaren kontrako azken matxinada handia egin zuten baina horrek erantzun irmoagoa eragin zuen kolonialisten artetik. Jatorrizko herritarrak apenas lurrik gabe utzi zituzten . TOM itsasoz haraindiko lurraldea estatusa izan zuen uharteak 1999. urtera arte. Egun, baina, subiranotasun partekatua du. Frantziaren mende dauden kolonien artean estatus hori duen bakarra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.