ATENTATUA AFGANISTANEN

Kandaharreko leherketak eragin 15 hiletatik gehienak umeak dira

Lehen eztandatik landa ihes egiten ari zen susmagarri bat atxilotu du Poliziak; taliban musulman integristak jo badituzte ere atentatuaren erantzuletzat, arduradun batek gezurtatu du gertakari honekin zerikusia izatea

Erredakzioa
2004ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Afganistan hegoaldean kokatua den Kandahar hirian lehergailu batek eztanda egitean, gutxienez 15 pertsona hil ziren atzo, gehienak umeak zirelarik. Loya Jirga edo Tribuen Batzar Handiak Afganistanentzako Konstituzio berri bat onartzetik bi egunera gertatu den atentatu honen erantzukizuna talibanenbizkar ezarri dute agintariek eta okupazio indarrek, baina 2001. urtearen amaieran boteretik haizatu zituzten musulman integristetako arduradun batek ukatu zuen atzo gertakari odoltsu honekin zerikusia izatea.

Bi leherketa ziren gertatu, baina bigarrenak soilik zituen biktimak eragin. Zabalduak izan diren informazioen arabera, hiritar batek pakete susmagarri bat ikusi zuen Kandahar hego-ekialdean kokatua den Manzalbat auzuneko merkatu lekuko sal-mahai baten azpian eta Poliziari abisua eman zion. Segurtasun indarrek bazterrak hustu ondoan gertatu zen lehen eztanda, eguerdiko 12:45 irian (10:15 Euskal Herrian). Hildako eta zauriturik ere eragin ez zuen lehen zart egite honen ostetik, lekuan bilduta zegoen jendeen artean eztanda egin zuen bigarren bonbak, eguerdiko 13:00etan (10:30 Euskal Herrian). Informazio batzuen arabera, bizikleta batean ezkutatua zegoen lehergailu indartsu hark, bete-betean harrapatu zituen elkarretaratutakoak, hauetatik asko hurbilean kokatuta dagoen eskola bateko haurrak zirelarik.Atzo iluntzean datuak ez baziren oso zehatzak ere, leherketak 15 hildako eragin ditu, eta erdia baino gehiago umeak ziren. Zaurituak izandako berrogei bat lagunetatik erdiak ere, 15 urte baino gutxiago duten neska eta mutikoak dira. Leherketa gertatu den lekutik hurbil, Afganistango Poliziaren egoitza bat badago. Hamid Karzai Afganistango presidentearen gobernuko arduradun batzuek taliban musulman integristen bizkar ezarri zuten berehala atentatuaren erantzukizuna. Alabaina, 1996 eta 2001. urteen bitartean agintean egon zen mugimendu fundamentalistako agintari batek erabat ukatu zuen atzoko gertakariarekin zerikusia izatea. «Talibanok ez ditugu zibilak jomugatzat hartzen; hortaz, zibilak hil eta zauritu diren eraso hau kondenatzen dugu», adierazi zuen taliban agintari hark.

'Loya Jirga'-tik bi egunera

Kandahar izan zen taliban aginteko hiri nagusia. Hori dela eta, Ameriketako Estatu Batuen Armadaren laguntzarekin talibanak boteretik haizatuak izan zirenetik, hauen ordez agintean jarritako afganistandar indarren eta okupatzaileen aurkako erasoak behin eta berriro gertatu dira hirialde honetan. Hala, joan den abenduaren hasieran, atzoko gertaeraren antzera, lehergailu batek eztanda egin zuen merkatu leku batean, 18 lagunen zauritzea eraginda.

2002ko irailean, berriz, bi bonbak eztanda egin zuten Kabul hiriburuan. Lehen leherketa baten biktimak sorosterat heldu ziren hainbat lagun bete-betean harrapatu zituen bigarren bonba baten zart egiteak. Iragan astean, berriz, talibanek euren gain hartutako eraso suizida baten ondorioz, Afganistango Gobernuaren agindupeko bost poliziak bizia galdu zuten.Atzoko atentatua jazo da ere, Afganistanentzako Konstituzio berri bat onartu zuen Loya Jirga-tik bi egunera. Talibanek herritarrei eskatu zieten Hamid Karzairen gobernuaren eta okupazio indarren zaintzapean egin den Tribuen Batzar Handi horri muzin egin ziezaioten. Konstituzioa onartzeaz gain, Loya Jirga-ko partaideek hitzartu zuten hauteskunde orokorrak antolatzea aurtengo ekaina baino lehen eta, xede honekin, Afganistango hautesleen errolda bat osatzea.Talibanak izan ala Al Kaeda erakunde armatuko ekintzaileak izan, atzoko atentatuak agerian ezartzen du berriro egoera ez dela baketsua bilakatua oraingoz Afganistanen. 2003ko agorrilatik, Afganistan hegoaldean eta ekialdean bereziki gertatutako erasoen ondorioz, 400 lagun inguru hil dira. Alta bada, AEBetako Armadaren agindupean, nazioarteko 12.000 soldadu daude herrialdean, bakearen bermatzeko eginbeharra duten 7.500 militarrez gain.

-

NAZIO BATUEN ERAKUNDEA



 

Lakhdar Brahimi ordezkari bereziak kargua utzi du





2001. urte amaieran, Nazio Batuen Erakundeko ordezkari berezi bezala izendatu zuten Lakhdar Brahimi aljeriarrak kargua utzi zuen atzo. Gertakari hau ez zen ezustekoa izan, zeren eta, hitzartuta izan baitzen Afganistanentzako Konstituzio demokratiko bat onartuta izan bezain laster, kargua utziko zuela Brahimik.

Hain zuzen, Loya Jirga Afganistango Tribuen Batzar Handiak joan den igandean onartu zuen Afganistango konstituzio berri hori.Brahimik kargua utzi duen arren, NBEk beste ordezkari berezi bat izendatuko du aurki Kabulen. Hori gertatu artean, afera politikoez bereziki arduratzen den Brahimiren lankide Jean Arnault frantziarrak du kargu hori eramango. Ordezkari berriak ez du lan erraza izango, NBEko ordezkaritzak erasoen jomuga baitira sarritan Afganistanen. Hala, herengun bertan, Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Erakundeko Goi Komisariatuko bulegoari egin zioten eraso Kandaharren. Oldar egileek egoitzari tiro egin zioten eta lehergailu bat ere jaurti zuten. Erasoak ez zuen biktimarik eragin. 2003ko azaroaren 16an, aldiz, erakunde honetako lankide Bettina Gislard tiroz hil zuten Ghazni hirian. Bost egun lehen, Kandaharren, NBEko egoitza baten aurrean, bonba-auto bat lehertu zen, lagun bat zaurituta. Horiekhorrela, NBEk lankideak kendu ditu eskualde gehienetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.