Nazioarteko harremanak

Kanporatutako enbaxadoreak berriz hartzea adostu dute Bidenek eta Putinek

Etsaitasuna egun batez alboratu, eta elkarrekin hitz egiteko prest daudela irudikatu dute Genevan AEBetako presidenteak eta Errusiakoak. Zibersegurtasunaz eta Ukrainaz eztabaidatzea onartu dute.

Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Joe Biden AEBetakoa, gaur, Genevan (Suitza). DENIS BALIBOUSE / EFE
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 16a
21:38
Entzun

Banatzen dituenaz hitz egiteko elkartu dira gaur arratsaldean Joe Biden AEBetako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa Suitzako Geneva hirian, bi herrialdeetako agintari gorenek 2018ko udatik izandako lehen bileran. Desadostasunak konpontzea bainoago, horien berri bestearen eskutik jasotzea zen bileraren asmoa.

Alabaina, espero zen baino emankorragoa izan da, Putinek lau orduko bileraren ondoren esandakoen arabera. Errusiako presidenteak aurreratu duenez, euren herrialdeetatik kanporatutako enbaxadoreak berriz hartzea adostu dute. Horrez gain, iragarri du AEBek eta Errusiak zibersegurtasunaren gaineko elkarrizketak hasiko dituztela. Bilera «eraikitzailea» izan dela adierazi du Putinek, eta ez dela «inolako etsaitasunik» izan, «kontrakoa baizik». Hitz onak izan ditu Bidenen inguruan, eta «zentzuduna», «profesionala» eta «eskarmentu handikoa» dela esan du.

Tonu neurritsuagoarekin azaldu da Biden prentsaren aurrera, eta bestelako gai batzuez aritu da. Jakinarazi du Ukrainan Errusiak duen presentzia militarraren inguruko diplomazia hastea onartu dutela bileran. Aleksei Navalni Errusiako oposizioko kideaz ere aritu dira, Bidenek azaldu duenez, eta, haren esanetan, Putini esan dio «ondorioak sekulakoak» izango direla Navalni hiltzen bada. Mehatxuak soilik ez, ordea; zenbait kontutan Putinengana gerturatu dela aitortu du AEBetako presidenteak. «Egonkortasun estrategikoko gaietan» elkarrekin kolaboratu dezaketela helarazi dio Putini.

Kezka nagusietako bat zibersegurtasuna da Etxe Zuriarentzat hala ere, eta horren inguruan Putinekin adostutakoaz ez du zehaztapenik eman Bidenek. Gaiak bileraren zati handi bat hartzea espero zen, ordea. Washingtonek Moskuri leporatzen dio bere sare informatikoaren erraietara sartu izana; hala nola, Ogasun Departamentuaren ordenagailuetara. AEBetako hainbat enpresaren kontrako erasoak ere izan dira aspaldian. Horietako batek gerarazi egin zuen Colonial oliobidea, AEBetako handiena. Etxe Zuriak ez dio zuzenean Kremlinari egotzi horien atzean egotea, baina bai «ransomware-aren kriminalei [informazioa lapurtu eta trukean ordainsari ekonomiko bat eskatzen dutenei]» aterpe eman izana.

Azken asteetan bi gobernuen arteko harremana tenkatu duen gai nagusia izan da hori, baina gehiago ere izan dira. Are, bi aldeek aitortua dute euren arteko harremana aspaldiko gatazkatsuena dela. Atzokoaren ondotik ez da espero elkarrenganako posizioan aldaketa esanguratsurik, bere horretan jarraitzen baitute gainerako gobernu bakoitzak besteari ezarritako zigorrek, eta, batez ere, horien oinarrian dauden desadostasun ideologikoek. Washingtonek ohiko bihurtu ditu Moskuren kontrako isun ekonomikoak nahiz Errusiako diplomazialarien eta agintarien kanporatzeak, izan Kremlinak hauteskundeetan esku hartu zuela egotzita, AEBen kontrako azken ziber erasoaren erantzule eginda edo Navalniren aurkako neurriei erantzunez.
AEBen mehatxuekin eta zigorrekin kikiltzetik urrun, Errusiako presidenteak irmo jarraitu du orain arteko politikekin, baita Mendebaldeko potentziek Mosku higatzeko estrategia gisara darabiltzaten gaietan ere. Navalniren kasua da adierazgarrienetako bat.

Barne arazotzat dituenak bere kabuz konpondu nahi ditu Putinek, eta afera handiagoak kudeatu nazioarteko agintari gorenekin. Zentzu horretan, zenbait analista politikok aipatzen zuten bereziki garrantzitsua dela gaurko hitzordua berarentzat, nazioartean eta bere herrialdearen aurrean taula geopolitikoko jokalari gisa azaltzea ahalbidetu baitiezaioke, eta horrekin isilarazi barne arazoen oihartzuna. Halaber, irudi horrekin iraileko hauteskundeen kanpainaurreari bultzada ematea ere bilatzen du Errusiako presidenteak, horien arabera, Errusia Batua haren alderdiari emaitza kaxkarrak iragartzen baitizkiote inkesta batzuek.

Aspaldiko ezagunak

Aurrez aurreko bilerak elkarri bota izan dizkiotenez ahazteko eta elkarrizketarako prest daudela besteari erakusteko balio diezaieke bi agintariei. Jakina da euren arteko harremana ez dela ona, bi gobernuen arteko harreman diplomatikotik harago. Aspaldiko ezagunak dira, Biden Barack Obama AEBetako presidente ohiaren agintaldian presidenteorde izan zen garaitik, baina elkarren homologo izan diren arte ez da izan aukerarik haien arteko ika-miken tamaina ikusteko.

Martxoan, esaterako, Bidenek Putin «hiltzailetzat» jo zuen elkarrizketa batean, eta Errusiako presidenteari ohartarazi zion «ordaindu» egingo zuela iazko hauteskundeetan esku hartu zuela frogatzen bazuen. Akusazio horri erantzun zion Putinek ondoren, beste elkarrizketa batean. «Beti ikusten ditugu gure gaitasunak besteei begiratzen diegunean, ispiluaren aurrean gaudenean bezala», esan zuen.

Ikusteko dago Bidenek Etxe Zuriko agintea hartu izanak zertan utziko duen Putinekiko harremana, Donald Trumpek harekin izan zuenarekin alderatuta, baina lehen begi kolpean ez du ematen orain arte izan duena baino bazkide lagunkoiagoa izango duenik Putinek. Askok uste zutenaren kontrara, Trump abegikor azaldu zen Errusiako presidentearekin, elkartzeko aukera izan zuten momentu gutxietan. 2018an Helsinkin elkartu ziren biak, eta ezustea eman zuen Trumpek, prentsaren aurrera Putinekin batera agertuta eta, zer esanik ez, Errusiako presidenteari sinetsi egin ziola adierazi zuenean, hark esan eta gero ez zuela 2016ko hauteskundeetan esku hartu. Alderdi Errepublikanoko kideak ere asaldatu zituen Trumpen adierazpenak.

Ez da antzekorik espero Bidenekin, keinuetatik hasita, uko egin baitzion atzo, bileraren ostean, Putinekin batera agertzeari. Harekiko ezustekorik eta itzulingururik gabeko jarrera izango duela dirudi; harreman diplomatikoagoa eta irmoagoa, finean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.