Venezuela

"Kaosa sortu nahi dute esku hartzea zuritzeko"

Diego Sequera eta Gustavo Borges chavistak oposizioaren kontakizuna gezurtatzera etorri dira Europara. Bideoa: Diego Sequera eta Gustavo Borges. [youtube]https://youtu.be/RuOQzJNm42g[/youtube]

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2016ko ekainaren 3a
13:47
Entzun

Oposizio indartsu bat, eta gobernu ahuldu bat: azkenetan den agintariaren injustizien bozgorailu bata; existitu zen mundu bati eutsi nahi dion prozesu ahitua bestea. Ideia horiek erroan dituen kontakizuna eraikitzen ari dira Venezuelan, baina beste kontakizun bat badela azaltzera etorri dira Diego Sequera (Caracas, 1983) eta Gustavo Borges (Caracas, 1983) Mision Verdad chavismoaren alde diharduen atariko kazetariak. Europako hainbat hiritan dituzte hitzorduak errealitatearen beren ikuskera emateko. Bilbon izan dira, eta egoera argitzeko elkarrizketan izan dira BERRIArekin.

Lehenengo galdera hauxe izan da: «Gerra zibilaren atarian al dago Venezuela?». Diego Sequeraren ustez, «oposizioaren interes bat dago herria herriaren aurka jartzeko». Kazetariak ziurtatu du «akuilatzaileak» jartzen dituztela egunero ilaretan elikagaien eta botiken zain dauden herritarren artean, liskarra bultzatzeko. «Egoera lausotu nahian dabiltza, gatazka nor eragiten ari den ikus ez dadin. Hiru urte daramatzate gerra bizi-bizi bat bideratzen. Horrek, jakina, herritarren egunerokoari eragiten dio. Ekonomiari erasota, segurtasunik eza bultzatuta... Hipertrofia sortzen ari dira».

Hugo Chavez hil eta hilabetera, ozta-ozta irabazi zituen hauteskundeak Nicolas Maduro presidenteak, 2013ko apirilean. Garai horretan ezartzen dute Sequerak eta Borgesek oposizioaren estrategia gogortzearen abiapuntua. Sequerak aipatzen dituen ilarak eguneroko argazkiak dira Venezuelan, eta tentsioa areagotzen ari da itxaronaldi luzeetan.

«Zergatik sortzen dira ilarak?». Ezinbestean egiteko beste galdera bat. Oposizioak dioenez, chavismoaren kudeaketaren porrotaren isla dira. Gustavo Borgesek, berriz, oso bestelako erantzuna eman du. «Jakin behar den lehen gauza da enpresarien sektoreak kontrolatzen duela elikagaien katea, duela urte askotatik. Ekoizpenaren eta banaketaren katean boterea dute. Azkenaldian, estatuko zerbitzu sekretuek janariz betetako biltegiak aurkitu dituzte, elikagai batzuk txartuak ere bai. Hainbat elikagai erre edota bota egin dituzte. Adibidez, duela egun gutxi batzuk hipermerkatu batek zaborretara bota zituen 4.500 kilo oilasko. Hipermerkatu horren jabea espetxean dago horregatik. Eta hori adibide bat besterik ez da».

Beste adibide bat ere jarri du, elikagaien bidez errealitatearen irudi desitxuratu bat eman nahi dutela azaltzeko. «Kafea, azukrea edo irina denda batera erostera joaten bazara, ez dituzu aurkituko, baina, kafetegi edo jatetxe batean, kafea azukrearekin eta esnearekin har dezakezu. Ez da haien faltarik. Caracasen ez dute jatetxerik itxi porrot egin dutelako krisiaren eraginez».

Botikak ere, «merkatu beltzean saltzen ari dira, Venezuelako legediak arautzen duen baino 5.000 aldiz garestiago. Oposizioaren arabera, araudi horren ondorioz galtzen ari dira dirua, eta hor sortzen da interes politikoa, baina ez dira galtzen ari. Diru asko irabazten dute elikagaiak pilatuz eta prezioekin espekulatuz».

Oposizioak ateratzen dituen irabazien «xentimo bat bera ere ez daVenezuelan geratzen», Sequerak salatu duenez: «Miamin, Madrilen, Bogotan, Panaman eta Txileko Santiagon geratzen dira. Birsaltzaile hutsak baino ez dira. Dibisak jaso eta Venezuelatik kanpo ateratzen ari dira».

Egunerokoa jasangaitza egiteko elementu asko nahasten dira Borgesentzat. «Banan-banan aztertu beharko lirateke zenbaterainokoak diren ulertzeko. Ez dakigu noraino iristen diren; faktore asko dituzte, denak batera gertatzen direnak, eta hainbat eragile daude tartean». Ez dute zalantzan jartzen eragile horien atzean AEBak daudela.

AEBak eta AEE

Sequerak analisi globala egin du AEBen «esku hartzea» azaltzeko: «Ekialde Hurbila berregituratzen saiatu ondoren, Libiako eta Siriako gerretan AEBek jaso dituzten kolpeen eraginez, fokua Amerikako kontinentean jarri dute berriz ere. Inoiz ez diote utzi erasotzeari, baina orain bateria askoz sendoagoa jarri dute martxan. Oposiziokoak AEBen operatzaileak besterik ez dira». Esku hartze militarra baino merkeagoa da, haren ustez, herritarren arteko gatazka sustatzea. Helburu bakarra, Borgesen arabera, «kaosa sortzea da, iritzi publikoaren aurrean esku hartzea zuritzeko».

AEE Amerikako Estatuen Erakundeko idazkari nagusi Luis Almagro ere «esku hartzea azkartzeko aktore garrantzitsua» izaten ari da, Sequeraren ustez. Joan den asteartean, Venezuelaren kontra AEEren Agiri Demokratikoa abian jartzeko eskatu zuen, eta, horretarako, 35 estatukideen bilera eskatu zuen, Maduroren gobernua konstituzioa eta giza eskubideak urratzen ari delakoan. Hala ere, Almagrok ez du lortu AEEk bere proposamena onartzea. Beste proposamen bat onartu zuen atzo, zeinak «alde guztien arteko elkarrizketarako konpromisoa» jasotzen duen «gobernuaren subiranotasuna errespetatuz». Madurorentzat «berri ona» izan da; ez, ordea, oposizioarentzat. Almagrori «bizkar ematea ulergaitza» dela uste du Venezuelako Legebiltzarreko presidente Henry Ramos Allupek.

Almagroren jarrera, berriz, «onartezina» izan da kazetariotzat hasieratik. «Inperialismoaren zerbitzura» egoteaz gainera, ez du ezkutatu Maduroren kontrako jarrera. «Hari buruz hitz egiten duenean mespretxua darabil, eta Alvaro Uriber [Kolonbiako presidente ohia] da gaur egun gertuen daukan aliatua».

Egonezina

Baina, kanpoko gorabeherez gain, etxe barruan «agerikoa» da egonezina dagoela chavisten artean ere, eta «ukaezina» da herritar askok beste aldera egin izana. «Liskarrak begiratzen badituzu, herritar xume asko ere badaude horietan. Zerbait gertatuko balitz, haiek leudeke frontean lehen lerroan. Jende baztertua badago, Venezuelak egiturazko arazo asko baititu. Badaude arazo sozial batzuk gainditu ezin izan ditugunak. Chavismoaren okerrik handiena arerioa gutxiestea izan da».

Petrolioaren menpekotasuna ere izan du aurka gobernuak. Petrolioaren irabaziei lotuta bizi da herrialdea, eta min handia eman dio prezioen jaitsierak, Borgesek datutan azaldu duenez: «Petrolioaren irabazien %60-73 galdu ditu. Petrolio upela 100 dolarrean zegoenean, 2.500-1.800 milioi dolar sartzen ziren hilean. Orain, 60-100 milioi dolar».

Gizarte ekintzak aurrera eramateko baliabiderik eza ekarri du horrek, eta egoeraren jasanezinak gobernuan banaketa eragin duela ere zabaldu dute oposiziokoek; burokraziari ere leporatu dizkiote ezintasunen zergatiak. Baina gobernuan banaketa «garrantzitsuak» daudela ukatu du Sequerak, eta nabarmendu du burokrazia beste herri batzuetan bestekoa dela. Alde bat dauka, harentzat, Venezuelak. «Chavezek, bere gaitasun eta zorroztasunari esker, eta Madurok, politika horrekin kontsekuente, mekanismo berriak diseinatu zituzten ustelkeriaren eta burokraziaren minbizia gutxitzeko. Horri esker, herritarrek halako kontrol bat ezartzeko aukera dute».

Egoera ekonomikoa eta soziala arintzeko beharrez, larrialdi eta salbuespen egoerak jarri zituen gobernuak, baina egunerokoa ez du asko aldatu iragarpen horrek: «Salbuespen egoeran bizi ginen lehendik ere, de facto, eta ez gobernuak inposatuta. Ezin duzu bake logika baten bidez gobernatu gerra garaian. Madurok esan bezala, hamar urteotako garai arriskutsuenean gaude».

Oposizioaren indarra

MUD Batasunaren Mahai Demokratikoaren pean elkartzen den oposizioak hauteskundeen bidez jendea erakartzea lortu du pixkanaka, eta, legebiltzarrerako hauteskundeetan, 2015eko abenduan, gehiengo zabala lortu zuen. «Hori ukaezina da, eta kritikarako beste gai bat», dio Borgesek.

Baina bozketa bidez lortutakoa ez da nahikoa gobernua bere egiteko, kazetariaren ustez. Legebiltzarrean gehiengoa eskuratu bezain laster, lege organikoak egiteari ekin zion —besteak beste, Amnistiaren Legea eta presidentea kargugabetzeko mekanismoak ezartzeari—, baina Auzitegi Gorenarekin egin du etengabe topo, haren ustez legebiltzarra bere botereen gainetik ari delako.

Amnistiaren Legeari «Amnesiaren Legea» deitzen dio Borgesek; izan ere, «terroristak, ustelkeriak jotakoak eta narkotrafikatzaileak kalera ateratzeko egina da, auzi politikoa dagoela aitzakia hartuta. Dena ahaztu eta berriz hasi nahi dute, eta kanpaina mediatiko izugarria egin dute, zer esanik ez Espainiatik». Jose Maria Aznar eta Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiek bat egin zuten kanpaina abiatzerakoan, Latinoamerikako beste hainbat presidente ohirekin batera, Leopoldo Lopez oposizioko burua kartzelatik ateratzea helburu. Hilketak izan ziren 2014ko istiluak gidatzeagatik espetxera zigortua dago Lopez.

Orain, beste urrats garrantzitsu bat egin nahian dabil oposizioa. 1999ko konstituzioa eskuan, Maduro presidentea kargutik kentzeko erreferendum prozesuaren lehen atalean sartuak dira. Konstituzioak aukera hori ematen du, legealdiaren erdian, herritarren kopuru handi batek iritzi badio presidentea ez dela behar bezala ari. Oposizioak gobernuari leporatzen dio oztopoak ezartzen ari dela prozesua bideratzeko, eta gobernuak, berriz, dio konstituzioaren epeak errespetatu behar direla.

«Beste estrategia bat»

Sequeraren eta Borgesen arabera, erreferendumarena ez da «egoera nahasteko beste estrategia bat» besterik, eta bat datoz teoria batean, chavismoko militante askok bezala: «Uste dugu ez zaiela interesatzen. Giroa gehiago nahasteko aproposa da, ordea. Badakite ez dela erraza chavismoari erreferendumean irabaztea. Ez dira berdin legebiltzarrerako bozak eta presidentea kentzeko prozesu bat, Venezuelako kultura politiko guztia presidentearen inguruan baitago eraikia».

Xehetasun bat aipatu du Sequerak: «Erreferendumak, legezkoa izan dadin, presidentea iritsi zenean lortu zituen botoak gainditu behar ditu: 7.500.000 boto jaso beharko lituzke».

Uste osoa dute herritarren babesa handia dela oraindik ere. Ekonomia lur jota, higatzea dago, baina gobernuak «zutik» jarraitzeko arrazoi bat dago, Borgesek dioenez: «Ez da ahaztu behar hor jarraitzen dutela milioika pertsonak. Argudio guztiak alde dauzka gobernuaren kontra bozkatzeko, bizitza ekonomikoan, sozialean eta familiarrean eragina izan duelako. Baina eredua sostengatzea erabaki dute». Eta ez dira boto-emaileak soilik. «Milioika horiek egunero mugitzen dira. Adibidez, azken hilabetean elikagaiak banatzeko sistema berri bat jarri dute, eta hori auzoetako erakundeen menpe dago, leku txiroenetara iristeko».

Chavismoa egunez egun eraikitzen baita, kalean. «Chavismoa ez da gobernua bakarrik. Mugimendu sozialak dira, alderdi txikiak, herritarrak... Ukituta dago, haserre, baina nolako herria eraiki nahi dugun eztabaidatzen jarraitzen dugu. Militanteei esker ez da erori Chavismoa. Beti diogu hau guztia ez dela petrolioarengatik, baizik kontzientziagatik, chavismoagatik».

Chavismoa aurrekari historiko gisara ezabatu nahi izatea arrazoi nahikoa izan liteke, «baina mineral erreserba estrategiko izugarria ere jokoan dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.