Jugoslavia ohia

Karadzic Hagako auzitegian berriz agertuko da bihar, bere burua errudun edo errugabe jotzeko

Bosniako gerran ustez agindutako gerra krimen eta genozidioagatik epaitu ahal izateko prozedura da deklarazio hori.

2008ko abuztuaren 28a
18:36
Entzun
Bosniako serbiarren buruzagi ohi Radovan Karadzic Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegian agertuko da bihar, iturri ofizialek jakinarazi dutenez. Bere kontra dituen 11 karguen aurrean bere burua errudun edo errugabe jotzeko eskatuko diote. 13:15ak aldera aurkeztuko da epaileen aurrean, eta deklarazioa motza izatea espero dute.

Bigarren aldia da Karadzic auzitegi horretan -Hagan (Herbehereak) du egoitza- aurkezten dena. Aurreneko aldian, iragan uztailaren 31n, deklarazio hori atzeratzea erabaki zuen ustezko gerra kriminalak. Orain deklaratzeari uko egingo balio, automatikoki errugabetzat joko dute, epaitegiaren arauen arabera. Errugabetasun hori soilik prozesu judizialak aurrera egin dezan egiten den mekanismoa da.

Bosnia-Herzegovinan, 1992-1995 artean genozidioa, eta gerra eta gizateriaren aurkako krimenak egitea leporatzen diote bosniar-serbiar buruzagi ohiari. Karadzicek eta Ratko Mladic jeneral serbiarrak zuzendu zituzten Sarajevoko setioa eta Srebrenicako sarraskia. Sarajevo hiriburuko setioak 43 hilabete iraun zuen; gutxienez 12.000 herritar inguru hil zituzten. Srebrenican, berriz, 9.000 musulman inguru hil zituzten indar armatu serbiarrek, denak gizonezkoak.

Nazioarteko auzitegiak Karadzicen aurkako lehen akusazioa argitaratu zuen 1995eko azaroan; 1996ko uztailean, berriz, Karadzic zein Mladic atxilotzeko nazioarteko agindua eman zuen.

Epaitegiaren aitzinean eginiko lehen agerraldian Karadzicek esan zuen bere immunitatea hitzartu zuela Ameriketako Estatu Batuekin, eta bere biziagatik beldur zela. Atxilotua izan ondoren bere errugabetasun ustekizuna ez zutela errespetatu salatu zuen, eta epaileetako bat aldatzeko eskatu zuen, honek auzian "interes pertsonala" zuela argudiatuta.

Montenegron jaiotako buruzagi serbiarra -Bosniako errepublika serbiarra zuzendu zuen gero- iragan uztailaren 21ean atxilotu zuen Serbiako Poliziak, Belgraden, 12 urtez nortasun faltsu batekin bizitu ondotik. Medikuntza alternatiboan ziharduen, eta oso bestelako itxura zeukan, bizar eta ile luze zuria. Atxilotua izan ondoren lehengo orrazkerara jo zuen berriz.

Serbiako zerbitzu sekretuek luzaz babestua

Karadzic Serbiako zerbitzu sekretuek babestu izan dute urteetan. Hala aitortu zuen uztailaren 23an Ivica Dacic Serbiako Gobernuko Barne ministroak. "Zerbitzu sekretuek babestu izan dute eta zerbitzu sekretuek entregatu dute orain", esan zuen Dacicek.

Karadzic atxilotuta, Ratko Mladic Serbiako jeneral ohia da Balkanetako gerran krimenak egiteagatik ihesean jarraitzen duen agintari bakarra.

Karidzicen abokatu Svetozar Vujacicek uztail bukaeran jakitera eman zuenez, hark bere burua "bakarrik" defendatuko du, aholkularien laguntza jasoko badu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.