Mundua

Karadzic Hagako kartzelan dago jada, eta bihar epailearen aurrera eramango dute

Bosniako serbiarren agintari ohia Herbehereetara estraditatu dute gaur, Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegian genozidioagatik eta gerra krimenengatik epaitzeko. Estradizioaren aurkako protestetan 46 lagun zauritu dira bart Belgraden.

2008ko uztailaren 30a
17:18
Entzun
Bosniako serbiarren presidente ohi Radovan Karadzic gaur goizean estraditatu dute Belgradetik Hagara (Herbehereak), eta Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiaren kartzelan dago dagoeneko. Hagan epaituko dute, Bosniako gerran (1992-1995) genozidioaz eta gerra krimenak egiteaz akusatuta. Bihar bertan eramango dute epailearen aurrera.

Haren atxiloketa eta estradizioaren kontra Serbiako hiriburuan atzo eginiko protesta ekitaldien ondoren istilu larriak izan ziren Poliziarekin. Guzira 46 lagun zauritu ziren, tartean hainbat polizia eta kazetari bat. Serbiako Poliziak alderdi ultranazionalisten -bereziki Serbiako Alderdi Erradikalak (SRS) deituta- protesta eta manifestazioak zaintzeko agente ugari hedatu zituzten Belgraden, baina ezin izan zituzten liskarrak eragotzi.

Serbiako Justizia ministro Snezana Malovicek sinatu du estradizioa.

Bosniar-serbiar buruzagi ohiak bere burua defendatuko du Hagan, baina hainbat aholkulari izango ditu lagun.

Serbiako zerbitzu sekretuek atxilotu zuten Karadzic, Belgradetik gertu, joan den astean, hainbat urtetan sasian ibili ondotik. Nortasun faltsua erabiltzen ari zen (Dragan Dabic izen-deiturak hartu zituen) eta medikuntza alternatiboan aditu bezala lan egiten zuen. Politikagintzan aritu aurretik psikiatrian jarduna zen Karadzic.

Besteak beste, Sarajevoko (Bosnia-Herzegovina) setioan "genozidioa eta gerra krimen larriak" egitea leporatzen dio Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak. Setio hartan milaka lagun hil ziren, gehienak zibilak, bosniar musulmanak.

1995eko uztailean Srebrenica hirian 8.000 gizon eta mutiko bosniar musulman hiltzea agindu izana ere egozten diote. Garai hartan, NBEren kasko urdin herbeheretarreen babesean zegoen Srebrenica, eta sarraskiko biktimen senideek NBE bera eta Amsterdamgo gobernua ere epaitzea nahi dute. Alabaina, duela gutxi NBEren immunitatea berretsi zuen Hagako auzitegi arrunt batek.

Halaber, NATOk Serbiaren kontra bonbardaketak egingo zituela uste zutenean NBEko 284 soldadu giza-ezkutu bezala erabiltzeagatik ere epaituko dute Karadzic.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.