Radovan Karadzicen kontrako epaiketak badu eguna. Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak jakinarazi duenez, urriaren 26an abiatuko da epaiketa Hagan (Herbehereak). Fiskaltzak salaketen berri ematen duen behin betiko txostena aurkeztu aurretik eman du jakitera epaiketaren eguna Auzitegiak. Hilaren 19ra arteko epea du horretarako fiskalak, eta, bertako iturriek aditzera eman dutenez, salaketa «argia eta trinkoa» izango da, «inondik inora akusazioak murriztuko dituena», baina, bai, «denbora aurrezte aldera», laburbildu egingo dena. Epaiketa 2013rako amaitzea aurreikusi du Hagak.
Bosniako gerran (1992-1995) gizateriaren kontrako krimenak, genozidioa eta gerra krimenak egin izana leporatzen diote Karadzici. Bosniako serbiarren buruzagiak, baina, errugabetzat jo du bere burua eta zalantzan jarri du nazioarteko auzitegiak bera epaitzeko eskuduntzarik izatea. Hilaren 7an, hala ere, epaiketa hamar hilabetez atzeratzeko eskatu zuen, hartara, defentsa prestatzeko aukera izateko; izan ere, abokatuak izateari uko egin zion.
Karadzic 2007an atxilotu zuten hamar urte luzez justiziatik ihes eginda egon ostean. AEB Ameriketako Estatu Batuekin egindako balizko hitzarmen baten arabera, immunitatea duela ere esan izan du. Bi genozidio akusazio daude, baina, haren kontra; Srebrenicako sarraskiengatik (9.000 musulman inguru hil zituzten indar serbiarrek 1995ko abuztuan), eta Sarajevoko setioarengatik -11.000 lagunen heriotza eragin zuen-.
Karadzicen kontrako epaiketa urriaren 26an abiatuko da
Bosniako gerran gizateriaren kontrako krimenak eta genozidioa egin izana leporatzen dio Hagak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu