Bakeaz hitz egiteko, talibanekin bildu da Afganistango Gobernua. Elkarrizketak goi mailakoak izan dira, The Washington Post egunkariak argitara eman duenez. Bileretan parte hartu dutenengandik eta haiek antolatzen aritu direnengandik jakin du hori, nahiz eta Hamid Karzairen gobernuak ez duen berretsi informazioa: talibanekin harremanetan egon direla onartu du presidentearen bozeramaile batek; ez, ordea, bake negoziazioak martxan daudela. «Agintariak harremanetan egon dira talibanekin eta haien buruzagiekin. Baina ezin dut zehaztasunik eman», azaldu du Seiamak Heraui presidentearen eledunak.
AEBetako egunkariak dioena baieztatuko balute, iaz egindako elkarrizketen segida lirateke oraingoak. Talibanen eta Gobernuaren arteko lehen bilerak Saudi Arabian egin zituzten joan den urtean; lehendabiziko ahalegin hark, haatik, ez zuen emaitzarik izan. Orainokoan, berriz, Quettako Shuraren baimenarekin ari dira negoziatzen talibanak. Ekintzaile islamisten fakzioa da Quettako Shura, eta Mohamad Omarrek zuzentzen du, Pakistandik.
The Washington Post-ek kontsultatu dituen iturri afganiar, europar eta arabiar guztiek dioteelkarrizketak atarikoak direla. Haatik, «oso serio» aritu dira negoziazioetan. Talibanek mahai gainean jarritako proposamenak, berriz, zerikusi zuzena izango luke atzerriko tropen erretiratzearekin: armak uztearen truke, talibanei agintera itzultzen utzi beharko liekete, eta nazioarteko soldaduak Afganistandik atera beharko lituzkete. Hala, bake ituna sinatzekotan, erretiratzerako egutegia adostu beharko lukete aldeek.
«Bake Kontseilua daukagu orain. Edozein urrats egiten dela ere, urratsa kontseiluak egingo du», adierazi du Herauik, presidentearen bozeramaileak. Joan den irailean iragarri zuen Karzaik Bake Kontseiluaren sorrera, talibanekin gerraren amaiera negoziatu eta adiskidetze plana gauzatzeko. Eta hainbat hilabetez prestatzen aritu ondoren, gaur ekingo die zeregin horiei. Halaxe jakinarazi du Abdul Hamid Mubariz kontseiluko kideak. Haatik, horrek ez du baieztatu The Washington Post-ek argitara atera duen albistea. Bai jakinarazi du, ordea, talibanen gobernuan agintari izandakoetako batzuk Afganistanen izan direla berriki: «Aftab Ahmad Sherpao Barne ministro izandakoak eta Asad Durrani zerbitzu sekretuetako buruzagiak Kabulera bidaiatu zuten irailean. Afganistango Hezkuntza ministroarekin bildu ziren, baita Miruaiz Jasini diputatuarekin ere».
Presio militarra
Bederatzi urte igaro eta gero gerra irabazteko aukerarik ez dutela ikusita sustatu du Karzaik adiskidetze plana. Armak uzteko prest daudenak eta Konstituzioari men egingo diotenak konbentzitu nahi ditu Afganistango presidenteak, islamistekin adiskidetzeko. Alabaina, Washingtonek uste du talibanekin akordio batera iritsi aurretik ekintzaileen aurka presio militarra handitu beharko litzatekeela. «Jarrera bortitzagoa hartu behar dugu talibanen berrintegrazioan eta adiskidetzean mugimendu esanguratsua egiteko», adierazi du George Morellek, Pentagonoko prentsa idazkariak.
Afganistango AEBen tropen buruzagi David Petraeusek adierazi du badakiela Kabulgo agintariak talibanekin bildu direla. Hala ere, gaineratu du goizegi dela negoziazioak bide onetik doazela esateko.
Eta bitartean Afganistango egunerokoan gerrak segitzen du agintzen. Atzo bertan hiru nekarazi hil zituzten eraso batean Zabul probintzian, herrialdeko erdialdean. Herenegun, berriz, bederatzi lagun hil eta hogeitik gora zauritu zituzten atentatu batean; hildakoen artean hainbat haur zeuden. Hamid Karzaik azken eraso hori salatu du, talibanei beren herritarren interesen aurka aritzea egotzita. «Printzipio islamikoen aurka, Afganistanen etsaiak zibilen aurka ari dira. Izan ere, haurrei ere eraso egiten diete», adierazi du presidenteak.
Karzairen gobernua talibanekin negoziatzen hasi da Afganistanen
'The Washington Post'-ek eman du berria, eta Kabulek, baieztatu ez arren, talibanekin harremanetan dagoela onartu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu