Sei txiotan erantzun dio Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramaileari. Kataluniako Gobernuak erreferendumerako euro bakar bat jartzen badu FLA Likidezia Funts Autonomotik jasotzen duen dirua etengo diola ohartarazi zion atzo Espainiak. Baina ez dirudi Generalitateak amore emateko asmorik duenik. Kataluniak Espainiari emandako dirua itzultzeko eskatu dio Puigdemontek: itzultzeko FLAren interesak, itzultzeko "gerra zikina finantzatzeko" Espainiak erabili zuen Kataluniaren dirua, itzultzeko bankuak erreskatatzeko egindako "txosten faltsuak" ordaintzeko erabilitako katalanen dirua, itzultzeko Madrilgo autobideak ordaintzeko eta Castor plataforma finantzatzeko erabilitako katalanen dirua.
Puigdemont ez da izan Espainiako Gobernuari erantzun dion bakarra. Jordi Turull Presidentetzako kontseilariak ere garbi hitz egin du, eta esan du Kataluniaren finantzak blokeatzen saiatzen bada Espainia "ekonomikoki itota" geldituko dela. Beraz, halakorik ez duela egingo seguru agertu da Turull RAC1 irratian egin dioten elkarrizketan.
Kontseilariak penagarritzat jo du Espainiak auzibideak eta bide ekonomikoak hartu izana erreferenduma geldiarazten saiatzeko, haren ustez, egokiena bide politikoa lantzea litzatekeelako.