Generalitateko presidente Pasqual Maragallen iritziz, berriz, Estatutuaren garaipenak erakusten du gutxi direla independentziaren aldekoak. Kataluniak «epe motzean behintzat» ez duela independentzia aldarrikatzeko aukerarik izango nabarmendu zuen Maragallek: «Katalunian independentziaren aldekoak gutxiengoa dira, eta zail irudika dezake inork epe motzean edo ertainean Montenegroren pausoei jarraitzeko aukera izango dutenik». Bide horretan, eskua luzatu die ezetzaren aldeko bi alderdiei: ERC Esquerra Republicana de Catalunyari eta PPC Kataluniako Alderdi Popularrari. Haren esanetan, aurrerantzean Kataluniarentzat etapa erosoagoa hasiko da, eta bertan autogobernua izango da protagonista. «Amaitu da Katalunian biktimarena egitea. Baietzak irabazi du, inolako zalantzarik gabe. Kataluniak irabazi du», Maragallek igande gauean.
HARRIDURA. Ezezkoaren aldekoek, parte-hartzea ezer onartzeko txikiegia izan zela zioten bitartean; baiezkoaren aldekoek, Europako Konstituzioa onartu zenean txikiagoa izan zela gogorarazi zieten.
Emaitzek harridura eragin zuten batzuen eta besteen artean. Inkestek baietzaren garaipena aurreikusten zuten arren, inor gutxik espero zuen baietzak ezetzari halako aldea ateratzerik. Botoen %74 inguru izan ziren testuaren aldekoak; eta kontrakoak, berriz, %21 inguru. Dena den, atzerrian bizi diren kataluniarren botoen berri ez dute ostirala arte emango. Inkestek, baina, ez zuten erabat asmatu. Horien arabera, Gironan ezetzak irabazteko aukera handiak zituen. Baina, azkenean, probintzia hartan lortu zuen aldeko boto gehien Estatutuak: %74,64.
Dena den, Kataluniako Estatutua erreferendum bidez onartzea prozesuaren lehen pausoa besterik ez da. Hura indarrean jarri ahal izateko, hainbat aldaketa egin beharko ditu Gobernuak aurrerantzean. Generalitateko sailburuek atzo egin zuten hurrengo urratsak aztertzeko lehen bilera, nahiz eta azken datuak oraindik ezagutzen ez diren. Instituzioen arteko Harremanetarako sailburu Joan Saurak gaur emango du prozesuaren berri.
Ospakizun gutxiko
garaipenaAlderdien egoitzetan ez da ekitaldi berezirik izan; Maragallek Generalitatean ospatu zuen baietzaren aldekoen garaipena.
A. E.
Ez zen erreferendumaren eraginik nabari Bartzelonako kaleetan igandean. Hauteslekuak ia hutsik zeuden goizean. Politikariek nahiago zuten eguraldi txarra egin izan balu, orduan behintzat jende gehiago joango zelako bozkatzera. Ona egin zuen, ordea, eta jendeak hondartzara joateko baliatu zuen eguna. Eguerdirako bozetara deitutakoen %20 inguru soilik joan ziren bozkatzera. Bitartean, alderdi politiko nagusien egoitzak kazetariz beteta zeuden.
ERC Esquerra Republicana de Catalunyakoek Bartzelonako Atenea Mar hoteletik jarraitu zituzten erreferendumeko datuak. Politikariak baino askoz gehiago ziren han bildutako kazetariak. Iturri ofizialek unean uneko datuak ematen zituzten aldiro, ateratzen zen alderdiko ordezkaria mikrofonoaren aurrera. Hasiratik geratu zen argi ezetzaren eta baietzaren arteko aldea handia izango zela. Baina inor gutxik espero zuen parte-hartzea horren txikia izatea. Ez zen %50era ere iritsi. Hori nabarmendu zuen ERCko ordezkari Marina Llansanak: hirutik bik ez zutela bozkatu edo kontra bozkatu zutela. Bitartean, alderdiko presidente Josep Lluis Carod-Rovirak eta Joan Puigcercosek hoteleko beste gela batetik jarraitu zituzten datuak. Azken emaitzak jakin ziren arte ez zuten agerraldirik egin.
XANPAINA PSC-REN EGOITZAN.Sozialistek Nicaragua kaleko beren egoitzan hartu zituzten kazetariak. Generalitateko presidente Pasqual Maragall, baina, ez zegoen han. Hura Generalitatean zegoen. Haren tokian PSCko bigarrena eman zuen emaitzen berri, Jose Montillak. Harekin batera ziren Miquel Iceta eta Jose Zaragoza ere, alderdiko buruzagitzako kideak biak. Kazetariez gain hainbat militante bildu ziren Nicaraguako egoitzan. Nabaria zen ez zegoela harreman onik haien eta PPko kideen artean. PPko presidente Mariano Raxoi eta Kataluniako PPko buru Josep Pique aretoan jarritako pantailetan ateratzen zirenean, irainak entzuten ziren militante sozialisten ahoetatik. «Orain esango du tranpa egin dugulako irabazi dugula, beti bezala», zioen behin eta berriz haietako batek. Azken datuak jakin baino minutu batzuk lehenago Generalitatera joan ziren sozialistak, garaipena ospatzera. Egoitzan, berriz, xanpaina banatu zuten bertan geratutakoen artean. Bartzelonako kaleetan, ordea, inork ez zuen ospatu baietzaren garaipena.
Bestalde, egunean zehar izan ziren aipatzeko moduko bestelako gertakariak ere. Esaterako, Kataluniako TV3 telebistak erreferendumari buruz egindako programa bereziak 584.000 ikusle izan zituen. Monica Terribas eta Xavier Coralek zuzendutako programa ikusienetan hirugarrena izan zen Katalunian. Bestalde, Itsuen Integraziorako Kataluniako Elkartea kexu agertu zen, ezin izan zutelako botoa ezkutuan eman, braille-z idatzita ez zegoelako eta, beraz, beste norbaiten laguntzaz bozkatu behar zutelako. «Konstituzioak jasotzen duen eskubidea da», salatu zuen Jose Angel Carrey elkarteko arduradunak.