"Egun historikoa", hala defendatu dute gaurko eguna Herrialde Katalanetan. Izan ere, gaur arratsaldean Kataluniako Parlamentuak bertan behera utziko du 2013ko abenduan Jose Ramon Bauza presidentearen agintepean PPren gehiengo osoarekin onartu zen Ikurren Legea. Nafarroan ikurrinarekin gertatzen den bezala, lege horrek debekatu egin zuen eraikin publikoetan senyera Kataluniako bandera zintzilikatzea, eta horrekin batera ofiziala ez den beste edozein ikur, horien artean eskoletan katalanaren irakaskuntza aldarrikatzeko eskegi zituzten lau barra gorridun xingolak.
Bi urte ere ez ditu indarrean egingo lege horrek, maiatzeko hauteskundeez geroztik aldaketa iritzi baita Balearretako gobernura. Francina Armengol PSOEkoa da orain presidente, nahiz eta hauteskundeak galdu eta inoizko emaitzarik txarrena izan sozialistek, Podemos eta Mes per Mallorca koalizioaren babesarekin (Partit Socialista de Mallorca, Entesa per Mallorca, eta Iniciativa Verds). Hiruko horiek gehiengoa dute parlamentuan (59tik 33 parlamentari) eta horien botoekin onartuko dute gaur bertan behera uztea Bauzaren Ikurren Legea.
Ikurren Legea bertan behera uzteko bozketak haustura eragin du Mallorcako PPn, gainera. Zenbait karguk aitortu dute 2013an onartu zenean ez zituztela "agian" gauzak behar bezala egin, eta gaurko bozketan abstenitu egin daitezke PPko zenbait Parlamentari. Hausturaren irudia saihesteko PPk gaurko bozketa bertan behera utzi nahi du argudiatuz ikurren gaiak kontsentsu handia behar duela. Miquel Vidal PPko presidenteak esan du abstenitzeko aukera ere hor dagoela, eta gaizki egindakoak onartzeko prest daudela.
Balearretako Ikurren Legak Nafarroakoa dakar gogora, gaur egun indarrean dagoen legeak debekatu egiten baitu ikurrina eraikin publikoetan egotea. Debeku hori uda honetan saihestu egin dute hainbat udaletan, adibidez Iruñeakoan sanferminak hasteko txupinazoa botatzeko ekitaldian, legearen arabera beste erkidego bateko kargu publikoak gonbidatuta badaude, erkidego horretako bandera zintzilikatu baitaiteke udaletxeko balkoian. BERRIAk Nafarroako PPri Twitterren galdetu dio ea Balearretako kasua Nafarroan zergatik ez den zilegi, eta erantzun du "ETAk askatasunean politika egitea eragotzi" duela hemen eta horregatik normaltasunik ez dagoela.
@jonordoez Beharbada hemen normaltasuna es dagoelako? ETAk askatasunean politika egitea eragotzi bait du lurralde honetan
— PP Navarra | PPN (@PPNavarra) October 6, 2015