Sant Pere de Torello eta Calldetenes herriak ”lurralde katalan aske” bihurtu dira, udalbatzek independentzia aho batez aldarrikatu ondoren. Sant Pere de Torellok hartu du erabakia lehenik, eta Kataluniako Legebiltzarrari "burujabetza nazionala" aldarrikatzeko eskatu dio.
Sant Pere de Torelloko Udalak dio Kataluniak lege berriak izan artean herrian Espainiako legeak eta araudiak "behin-behinekoak" izango direla. Entesa (ERCri atxikia) dago udal gobernuan —hamar hautetsi ditu—, eta CiUkoa da udaleko beste hautetsia.
Katalunia independentea izatea "premiazkoa" da, udal haren arabera. "Espainiako Estatuko kide izateak egoera sozial eta ekonomiko larria" sorrarazten diela salatu du.
Calldetenesko Udala izan da independentziaren aldeko erabakia hartzen bigarrena. CiUkoa da hango alkatea, eta alde bozkatu du. ERC eta CUPeko ordezkariak ere badira udalean.
Kataluniako Biltzar Nazionalak (ANC) deituta, hilaren 11n, Diadaren egunean, independentziaren aldeko manifestazioa izango da Bartzelonan.