Kataluniako estatutua / Eztabaida Espainiako Kongresuan

Kataluniako Estatutua eta Espainiako Konstituzioa "bateragarri" egin behar direla berretsi du Zapaterok

Kataluniako Parlamentuak onartutako Estatutu berria Espainiako Kongresuan eztabaidatzearen alde agertu da Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburua; areago, Kataluniako Estatutuaren erreforma aurrera eraman beharrekoa dela nabarmendu du. eta Kataluniak "nortasun nazionala" duela adierazi du. Hala ere, Kataluniako Parlamentuak testua onartu zuenetik agertutako jarrera berari eutsi dio: Estatutu proposamen hori Espainiako Konstituzioari egokitu behar zaiola berretsi du, eta horretarako hainbat aldaketa egin beharko direla testuan, batik bat, botere judizialaren eta finantzaketari dagokionean. Mariano Raxoi PPko burua, berriz, Estatutua eztabaidatzeari berari uko egin dio.

2005eko azaroaren 2a
19:19
Entzun
Eguerdian hasi da Espainiako Konsgresuan Kataluniako Estatutu berria tramitera onartu edo ez erabakitzeko eztabaida. Aurrena,Kataluniako Parlamentuak lan horretarako hautatutako ordezkariek, PSCko Manuela de Madrek, CiUko Artur Masek eta ERCko Josep Lluis Carod Rovirak Estatutuaren defentsa egin dute Espainiako Kongresuan. Ñabardurak ñabardura, Katalunia nazioa dela adierazi dute hirurek, eta Estatutuaren aldaketa beharrezkoa dela.

Masek (CiU) eta Carod Rovirak (ERC) bereziki nabarmendu dute Katalunia nazioa dela, Estatutuaren helburua autogobernuan sakontzea dela, eta alderdi politikoen nahiari barik kataluniarren borondateri erantzuten diola. Ildo beretik, Espainiako Estatua nazio diferentez osatutako dagoela onartzeko eskatu diete Kongresuko diputatuei.

De Madrek (PSC) Estatutu proposamenak Espainiako Konstituzioa ez duela urratzen azpimarratu du, eta aldaketak egin daitezkeela onartu duen arren, "hoberakoak" eskatu ditu, eta Estatutuaren erreforman inplikatzeko galdegin dio Espainiako Kongresuari.

Hizlarietako bakoitzak ordu laurden izan du bere jarreraren berri emateko. De Madre, Mas eta Carod Rovira Kataluniako Parlamentuak hautatu zituen erakunde hartan gehiengo handiz (135 diputatutatik 120k) onartutako Estatutua Madrilen defenditzeko.

Zapatero:"Kataluniaren nortasun nazionala eta Espainiako Konstituzioa bateragarriak dira"

Arratsaldeko saioan, berriz, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburua izan da lehendabizikoa hitza hartzen. Kataluniako Estatututua tramitera onartzearen eta erreforma aurrera eramatearen alde agertu da, baina lehenagotik adierazi izan duen bezala, testua dagoen bezala ez dela onargarria agertu du. Hain justu, Estatutu berria eta Espainiako Konstituzioa bateragarri egin behar direla. Botere judizialaren inguruko eskumenetan eta finantziazio ereduan jarri ditu oztopo gehien Zapaterok. Dena den, Kataluniaren "nortasun nazionala" eta Espainiako Konstituzioare2. artikulua, Espainiaren batasuna aldarrikatzen duena, "bateragarriak direla nabarmendu du.

Mariano Raxoi PPko buruzagia izan da hitza hartzen hurrena, eta argi eta garbi utzi du Kataluniako Parlamentuak onartutako testuaren aurka daudela erabat; eztabaidatzearen kontra bozkatuko dute.

Izan ere, Estatutua tramitera onartzen den erabakiko da gaur. Ezusterik ez bada, kinka hori gainditzeko arazorik ez du izango Kataluniako Parlamentuaren agiriak, PPk ezik gainerako alderdi guztiek eztabaida onartzearen aldeko botoa emango dutela iragarri baitute.

Dena den, Kataluniako Estatutuak zailtasun handiak izango ditu Parlamentuak onartu bezala aurrera ateratzeko. PSOEk 60 zuzenketa aurkeztuko dizkio. Besteak beste, ez dago finantzaketa eredua eta nazio kontzeptua bere hartan uzteko prest. Orokorrean, PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak bere garaian aurkeztutako zuzenketa berak aurkeztuko ditu PSOEk.

Kataluniako alderdi abertzaleak, ERC Esquerra Republicana de Catalunya eta CiU Convergencia i Unio, negoziatzeko prest daude, baina testuaren oinarriak aldatu ezean; besteak beste, finantzaketari, eskumenei eta nazio kontzeptuari dagokiena. Estatutu berria Espainiako Konstituzioaren aurkakoa baino gehiago konstituzio berri bat dela esan du, aldiz, Espainiako Alderdi Popularrak, eta ez dago inondik inora halakorik onartzeko prest. Hala, beste negoziazio prozesu luze bat hasiko da gaur Madrilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.