PSC-PSOEk irabazi ditu Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeak Herrialde Katalanetan. Alderdi nagusia izan da Katalunian 21 diputatu, duela lau urte baino lau gehiago,Valentzian hamalau puntutan murriztu du PPk ateratzen zion aldea, eta Balear UharteetanPPren diputatu kopuru bera lortu du lau.
Haatik, atzoko emaitzek erakusten duten ondoriorik aipagarriena Katalunian gobernatzen duen hiruko koalizioaren indartzea da. PSCk, ERCk eta IC-Vk duela lau urte baino 12 diputatu gehiago lortu dituzte guztira. Gorakada horren eragile nagusia, zalantzarik gabe, ERCren hazkunde ikusgarria izan da, diputatu bakarra izatetik zortzi izatera pasa baita Josep Lluis Carod-Rovirak zuzentzen duen alderdiak. Botoetan hirukoiztu egin ditu duela lau urteko emaitzak 620.000tik gora lortu ditu, eta lehen aldiz aurrea hartu dio PPri Espainiako hauteskundeetan. Kongresuko laugarren indar bihurtu da, eta ondorioz «Estatuaren gobernagarritasunean inplikatzeko prest» dagoela aurreratu zuen atzo alderdiko bozeramaile Joan Ridaok. Ziklo politiko berri baten hasiera iragarri zuen Carod-Rovirak. «Rodriguez Zapaterok aukera historikoa du aro politiko berri bati, bigarren trantsizioari ekiteko, aniztasunaren errespetuan oinarrituta Estatuaren errehabilitazio demokratikoari ekiteko, sistema demokratikoaren gaineko akordio zabal bat lortzeko, eta indarkeriaren eta terrorismoaren amaiera lortzeko oinarri demokratiko berrien gainean». Galtzaileak CiU eta PP izan dira. CiUk bost diputatu galdu ditu 15etik 10era pasa da, horietako hiru Bartzelonan, eta 160.000 boto inguru gutxiago jaso ditu. Hala ere, Antoni Duran i Lleidak ontzat eman zituen emaitzak. «Babesa galdu dugu, baina salbuespeneko hauteskunde kanpaina honen testuinguruan ez zen erraza CiUren estiloa eta hizkerak emaitza sendoak jasotzea, eta iruditzen zait gureak emaitza sendoak direla». CiUk Espainiako politikagintzan «rol erabakigarria» jokatzeko asmoa duela adierazi zuen Duran i Lleidak, eta horretaz hitz egiteko Jose Luis Rodriguez Zapaterori berehala deitzeko asmoa duela azaldu zuen.PPk 2000n lortutako ordezkaritzaren erdia galdu du Katalunian. 12 diputatutik 6ra pasa da, Bartzelonan hiru galdu ditu etaordezkaririk gabe geratu da Gironan. Botoetan, 160.000 inguru galdu ditu.
Valentzian PP itxuroso
Valentzia izan da Partido Popularrak emaitza itxurosoak jaso dituen komunitate bakanetakoa. Bi diputatu galdu ditu, baina lehen indarra izaten segitzen du. PSOEk bi diputatu irabazi ditu (12tik 14ra) eta Entesak (Esquerra Unida) eutsi egin dio Kongresuan zuen ordezkariari. Balear Uharteetan launa diputatu lortu dituzte PPk eta PSOEk.
ESPAINIAKO GORTEETARAKO HAUTESKUNDEAK. HERRIALDE KATALANAK
Kataluniako Gobernuko hiruko koalizioa indartuta atera da
PSCk irabazi ditu bozak eta ERCk gorakada ikusgarria izan du: diputatu batetik zortzira pasa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu