"Hitzaldi hau ez da protesta bat, proposamen bat baizik. Proposamen bat, bidegurutzean geratzeko: behatzeko, bidean gertatu denaz hausnartzeko eta datozen aukeretan pentsatzeko". Quim Torra Kataluniako presidenteak urte politikoa hasi du gaur, independentisten bide orriaren eta estrategiaren berri emanez. Hitzaldian, proposamen berri bat egin du: "Martxa bat, Kataluniaren eskubide politikoen, sozialen eta nazionalen aldekoa, sententzia publiko egin arte iraungo duena".
Herritarrei begirako hitzaldia egin du Torrak, eta ideia guztiak azaltzean egin die erreferentzia kataluniarrei. "Errepublika ez da bulegoetan egiten. Subiranotasuna jendearena da. Konfiantza dut zuengan", adierazi die.
Katalunian zein Espainian arretaz entzun dute Torraren hitzaldia. Beste behin ere, Kataluniako presidenteak elkarrizketak eta negoziazioak eskaini dizkio Espainiakoari, aldebiko hizketen bitartez "irtenbide politikoren bat" lor dezaketelakoan. Argi mintzatu da: "Kataluniako herria ez da inoiz aterako bide demokratikotik, ez dugu baztertuko autodeterminazio eskubidea".
Madrildik, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Kataluniako autogobernuari buruzko erreferendum bat proposatu du egunotan. Haren iritziz, "bozketa bat" izan behar da bi gobernuen negoziazioen arteko "azken pausoa". Espainiako presidenteak, ordea, ez du independentziari buruzko bozketa bat jartzen mahai gainean, soilik "Kataluniako autogobernua indartzeari buruzko bat". Torrak hitzaldian adierazi du "adosturiko erreferendum bat" nahi duela, eta, Sanchezen proposamena "interesgarria" den arren, ez dela "nahikoa".
Datozen asteei begira, urteurrenen eta ekitaldi garrantzitsuen lehen geltokia Diada egunean jarri du, datorren asteko asteartean: "Kataluniako Errepublika lortzeko, Bartzelonako Diagonala betetzera deitzen zaituztet". Ondoren, urriaren 1eko independentzia erreferendumaren eta urriaren 27ko independentzia deklarazioaren urteurrenak izango dira egun nagusiak, eta horiek ospatzeko beharra azpimarratu du, datozen hilabeteetako bide orriaren "abiaburuak" izango direlako.
Espetxean dauden politikari katalan independentistei eta datozen hitzordu judizialei buruz Kataluniako presidenteak adierazi du ez duela onartuko "absoluzioa ez den beste erabakirik"; adierazpen horrekin txalo zaparrada jaso du Torrak.
Pastorren gonbita
Kataluniako Gobernuko bozeramaile Elsa Artadik jakinarazi duenez, Torrak "ez dio ezezkorik eman" Espainiako Kongresura joateari, baina "xehetasun gehiago" eskatu dizkio Ana Pastor Espainiako Kongresuko presidenteari, baiezkorik eman aurretik.
Pastorrek Kataluniako presidenteari proposamen hori eginez abiatu du Espainiako urte politikoa. Adierazi duenez, helburua litzateke Torrak "bere jarrera politikoa azaltzea" eta "eztabaida bat" izatea ordezkari politikoekin. Oraingoz, Kataluniako presidenteak ez du behin betiko erabakirik hartu, eta balizko eztabaida horren formatuaren berri izan nahi du lehenik.
Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratuak, ordea, zalantzan jarri du Pastorren gonbidapena, Artur Mas karguan bere aurrekoarekin batzartu aurretik. "Benetan al dago entzuteko borondaterik? Ohikoak dira eskariak, gero garapenik ez duten eskariak", kritikatu du Puigdemontek.
Llarena, hilaren 25ean
Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epailea gaurko deitu zuten deklaratzera Belgikan, baina Bruselako epaitegi zibil batek irailaren 25era atzeratu du haren kontrako salaketa aztertzeko saioa, eta saio horretan erabakiko dute auzia tramiterako onartu ala ez. Puigdemontek eta erbestean diren Kataluniako lau kontseilari ohik aurkeztu zuten Llarenaren kontrako salaketa, Bruselan.