Louisiana eta Mississipi izan dira kalte gehien izan dituzten estatuak. Louisianan ehunka pertsona jaso behar izan dituzte etxebizitzetako teilatuetatik, eta orotara 485.000 lagun atera behar izan dituzte New Orleans hiritik. Bertako alkate Ray Naginek esan duenez, hiriaren %80 hustu dute. Han gelditzea erabaki zuten 9.000 lagun inguru Superdome Arena kirolgunera eraman zituzten, eta bertako sabaian bi zulo handi eragin ditu haizeteak. Louisiana estatu osoan 370.000 pertsona daude etxean argindarrik eta ur edangarririk gabe. New Orleans hiriaren zati handi bat urpean dago, eta ura lurraren mailatik zazpi metrora iristen da. Mississippi estatuan, bertako gobernadore Haley Barbourrek adierazi duenez, 80 hildako egon daitezke. «Suntsipena izugarria da», adierazi zion atzo Barbourrek NBC telebista kateari. 450.000 pertsona daude argindarrik gabe bertan. Mississippiko Guardia Nazionaleko 1.600 lagun ari dira lanean. Hala ere, Barbourrek adierazi zuenez, oraindik iritsi ez diren inguru asko daude. «Gorpu ugari ur gainean daude».Floridan 11 pertsona hil dira Katrina urakanaren lehen haizeteak iritsi zirenetik. Alabaman bi hildako izan dira, eta Georgian beste pertsona bat hil da uholde eta euriteen ondorioz.
Laguntza
AEBetako Gobernuak laguntza bidali zuen atzo urakanak suntsituta utzi dituen inguruetara. Gobernuko zenbait iturrik adierazi zutenez, George Bush presidenteak petrolio erreserba estrategikoaren zati bat erabiltzea baimendu zuen, Atlantikoko kostan urakanak utzi dituen kalteak arintzeko. Louisiana eta Mississippi estatuak hondamendi gune izendatu zituen Bushek, biztanleei lagundu ahal izateko bitartekoak arinago irits daitezen. Bestalde, herri agintaritzak hala agintzen ez duen bitartean babeslekuetatik ez ateratzeko deia egin zien biztanleei.
AEBetako Gurutze Gorriak jakinarazi zuen milaka boluntario dituztela kaltetutako estatuetan. Hondamendi natural baterako inoiz egin duten mobilizaziorik handiena egin dutela nabarmendu zuen. Gainera, Ingurumena Babesteko Agentziak talde ugari bidali zituen Louisianara eta Texasera, petrolio eta gai kimikodun likidoen isurketak gerta ez zitezen.AIR Worldwide aseguru etxeak eginiko balorazioaren arabera, Katrina urakanak 25.000 milioi dolarreko kalteak eragin ditu gutxienez. Hala baieztatzen bada, historian kalte ekonomiko handiena eragin duen urakana litzateke. Standard and Poor´s arrisku neurketa agentziak kopuru txikiagoa aurreikusi du: 15.000 milioi dolar, Katrinak indarra galdu duelako.
AURREIKUSPENA
Urakana tornado bihurtuko da
Atlantikoko kostaldea jotzean Saffir-Simpson eskalan 4. kategoriako indarra zuen Katrina urakana ekaitz tropikal bihurtzen hasi zen atzo. Mississippi ekialdetik orduko 28 kilometroko indarrarekin eta 80 kilometro orduko haizeteak utziz pasatu zen.
Ameriketako Estatu Batuetako Urakanen Zentro Nazionalak eginiko aurreikuspenen arabera, ekaitzak iparralderako norabidea du orain, eta datozen egunotan tornadoak eragingo ditu Tennesee eta Ohio estatuetan. Georgia, Hego Karolina, Ipar Karolina eta Virginia estatuetan ere tornado horiek eragina izan dezaketela aurreikusi du Urakanen Zentro Nazionalak. Eurite indartsuak eta haize bolada gogorrak eragingo dituzte tornadoek.