Kaxmirko gatazka 1947ko abuztuan hasi zen, inperio britainiarraren itzalean. Indiako azpikontinentea bi estatutan banatu zuten: India eta Pakistan Ekialdekoa, gero Bangladesh bilakatuko zena, eta Mendebaldekoa, egungo Pakistan. Lehenean hinduak ziren nagusi; bigarrenean, aldiz, musulmanak. Eskualde eta printzerrietako agintarien esku geratu zen zein estaturekin bat egin. Jammu eta Kaxmirko agintari Hari Singh maharajak, aldiz, ez zekien zeini lotu. Bera hindua zen, gehiengo musulmaneko herrialde batean. Ladakh eskualdea gehienbat budista, Jammu nagusiki hindua, Kaxmirko harana gehiengo musulmana eta mendebalderago erresuma musulman txiki batzuk zituen mendean.Pakistanekin behin-behineko akordio bat sinatu zuen, merkataritza, garraioa eta komunikabideak ez eteteko. Indiak, ordea, ez zuen akordio hori izenpetu.Urte hartako urrian, musulmanen kontrako indarkeriaren berri izan eta Kaxmirrera jo zuten Pakistango hainbat herritar paxtuk. Islamabaden laguntzarekin herrialdeak Pakistanekin bat egin zezan saiatu ziren. Indarkeria oldea areagotzen ari zela ikusirik, Hari Singhek laguntza armatua eskatu zion New Delhiko gobernuari. Bategite Tresna deitutako hitzarmena sinatu zuen orduan, Indiaren jurisdikzioa, atzerri aferak, defentsa eta komunikazio bideetara hedatuz.Hitzarmen hori tirabira latzen sortzaile izan da Indiako eta Pakistango gobernuen artean. Horretan oinarriturik, Jammu eta Kaxmir osoa beretzat aldarrikatzen du New Delhik, Pakistanek menpean duen eremua barne.Aitzitik, Pakistango Gobernuak dio maharajak ituna izenpetu zuenean indarraren presiopean egin zuela eta ordu hartan oraindik indarrean zegoela agintariak Islamabadekin sinatutako behin-behineko akordioa.
Gerrak eta borroka armatua
Indiaren eta Pakistanen arteko lehen gerra 1947ko urrian piztu zen, Islamabadek Kaxmirren musulmanen altxamendua sostengatu ondoren. Gerrak 1948ko abenduaren 31 arte iraun zuen, harik eta biharamunean, Nazio Batuen bitartekaritzarekin, su-etena eta bien arteko eremua banatzeko lerroa sinatu arte.
NBEk baketze indarrak hedatu zituen de facto-ko mugan, eta Kaxmirren autodeterminazio erreferenduma egiteko eskatu zien bi gobernuei. Halere, galdeketa ez da egundaino gauzatu.
1954ean Indiaren menpeko Jammu eta Kaxmirren bategitea berretsi zuen bertan eratutako legebiltzarrak. 1957an Konstituzioa onartu zuen, Indiakoarenari jarraiki. Harrezkeroztik berezkotzat jotzen du Indiak.
Su-eten lerrotik mendebaldera, estatuaren heren bat kontrolatzen du zuzenki Pakistanek, Iparraldeko Eremuak deituak. Eskualde txikiago bat, Azad (Libre) Jammu eta Kaxmir deitua, erdi autonomoa da.1965eko abuztuan berriz piztu zen gerra Indiaren eta Pakistanen artean. Hiru aste geroago, ordea, menia sinatu zuten. Alabaina, 1971n, Pakistango gerra zibila zela eta Ekialdeko Pakistanen Bangladesh estatu independentearen sorrera eragin zuena, Indiak esku hartu eta berriz piztu ziren borrokaldiak bi armaden artean. Ordu hartan Kaxmir ez zuten ukitu. Nolanahi ere, 1972an bi estatuek sinatutako Simlako Akordioekin bat etorri ziren bi aldeek 1949ko su-eteneko lerroa, Kontrol Lerroa izendatuta, errespetatzeko konpromisoan, «alde bakoitzaren jarrera ezagutuei kalte egin gabe».1989an kaxmirtarrek, beren ahotsa kontuan hartua ez zela ikusita, armak hartu zituzten. Indiaren menpe dagoen Kaxmir Haranean altxatu ziren. Talde batzuek independentzia eskatzen zuten; beste batzuek, aldiz, Pakistanekin bat egitea.
Indiak ekintzaileei armak ematea egotzi zion Pakistani. Honek alderdi musulmanei «babes moral eta diplomatikoa»eman eta NBEri auzia erreferendum bidez konpontzeko bidean jartzeko eskatu zion. Aitzitik, ez du Kaxmir independente bat onartzen, ezta Indiak ere. Gerrillarien izaera hasieran laikoa eta nazionalista bazen ere, 90eko hamarkadan talde armatu berriak sortu ziren, gehienbat ideologia islamistarekin. Afganistanen sobietarren aurka borrokatutako ekintzaile askok Kaxmirrera jo zuten orduan.
Banaketa hesia
Kontrol Lerroa aprobetxatuta, alanbre hesi bikoitza eraikitzen hasi zen India iaz. Su-eten lerroak dituen 740 kilometroetatik 500 kilometro hartuko ditu hesiak. Gainerako tarteak oso-oso menditsuak dira, eta ez dago haiek hesitzeko modurik. Hesi bikoitza da, zenbait tokitan elektrifikatuta, eta erdian minak dituela. Siachen glaziarrean da bukatzekoa, iparraldean.
Indiak dio «Pakistandik ekintzaile islamistak ez sartzeko» eraikitzen ari dela hesia. Israelek Zisjordanian darabilen aitzakia bera.Islamabadentzat, haatik, New Delhik egintza burutuak sortu nahi ditu, behin-behineko muga behin betikoa bihurtzeko.Hasieran Pakistango Armadak hesiaren oinarriei zein eraikitzaileei tiro egiten zien, baina azaroan Indiarekin elkarri tiro ez egiteko akordioa sinatu ondotik, ia arazo gabe dihardute Indiako soldadu eta langileek. Hitzarmenak bake piska bat ekarri du muga aldean eta bi aldeetako kaxmirtarrak, oraingoz lurralde batasunik lortu ezinean, behintzat beren azienda hesitik gertu lasai bazkatzeko eta arrisku handirik gabe lurrak jorratzeko aprobetxatzen ari dira. Kontrol Lerro-tik bestaldeko lurrak galdu zituzten, eta orain alanbre hesiak haietatik gehiago urrunduko ditu.
-