Indiak tortura modu gogorrak erabili ditu Kaxmirren ehunka presoren aurka, Wikileaksek filtratutako agiri batzuetan ageri denez. Erresuma Batuko The Guardian egunkariak argitaratu ditu dokumentu horiek. Wikileaksen arabera, Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak eman zion tortura horien berri AEB Ameriketako Estatu Batuek New Delhin duten enbaxadari. Indiako Gobernuak, ordea, torturak «gardentasunez eta eraginkortasunez» ikertzen dituela adierazi du filtrazioen berri jakin ondotik.
Wikileaksen arabera, Gurutze Gorriak 2002-2004 artean 177 atxiloketa zentro bisitatu zituen Jammu eta Kaxmirko estatuetan. 1.491 preso elkarrizketatu zituen; horietatik, 171k jipoiak salatu zituzten, eta bertze 681ek torturak. Elektrodoak, sexu umilazioak eta urarekin itolarria eragitea daude salatutako metodoen artean.
Filtratutakoaren arabera, Gurutze Gorriak dio Indiako indar armatuen adar guztiek erabiltzen dutela tortura, eta beti ofizialen aitzinean torturatzen dituztela presoak. Atxilotuak «hagitz gutxitan» dira militanteak, eta normalki horiei buruzko informazioa duten ustetan atzemandako herritar soilak dira. Wikileaksen arabera, AEBen iritziz Kaxmirko egoera «1990eko hamarkadan baino hobea» da azken urteotan, Indiako indarrak ez direlako arratsetan herrietan sartzen, bereizketarik gabeko atxiloketak egitera.
AEBak Assange ikertzen
Wikileaksen sortzaile Julian Assangek salatu du AEBen «ikerketa oldarkor baten biktima» direla bera eta bere erakundea. Assangek iragarri du «espioitzagatik» bere aurkako inputazio bat prestatzen egon litekeela Washington, AEBetan duen abokatu batek susmo hori helarazi diolako. Hala ere, Wikileaksen aurka egon diren erasorik larrienak Arabiar Emirerri Batuetako, Suitzako, AEBetako eta Erresuma Batuko zenbait bankuk egin dituztela jakinarazi du. Atzo baldintzapean aske gelditu eta gero, Suffolken dago Assange, Ingalaterraren hego-ekialdean.
Kaxmirren Indiak egindako torturen agiriak argitaratu ditu Wikileaksek
Gurutze Gorriak AEBen New Delhiko enbaxada jakinaren gainean jarri zuela ageri da dokumentuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu