Kenyako Auzitegi Gorenak hauteskundeak berriro egin behar direla agintzen badu, hango Gobernuak onartu egingo du hori, Alfred Mutua exekutiboaren bozeramaileak gaur jakinarazi duenez.
Joan den abenduaren 27an egin zituzten hauteskundeak Kenyan, eta oposizioak dio Gobernuak iruzurra egin zuela, Mwai Kibaki presidenteak milioi bat boto gehiago zenbatu zituelakoan. Haien arabera, Raila Odinga oposizioko burua izan zen garailea, ez Kibaki. 1992ko eta 1997ko presidentetzarako hauteskundeak galdu egin zituen Kibakik, eta 2002koak irabazi.
Europako Batasuneko behatzaile misioak argi utzi du abenduaren 27ko bozak ez zirela irizpide demokratikoekin bat etorri. Ameriketako Estatu Batuek, aldiz, Kibaki egungo presidentea zoriondu dute, baina "arau-hausteak egoteaz kezkak" azaldu ditu.
Bozak izan zirenetik, 350 lagun baino gehiago hil dira Kenyan. Protesta handiak izan dira kaleetan, eta Poliziak tiroz dozenaka eta dozenaka lagun hil ditu. Gatazkak ehun mila lagunetik gora euren etxeetatik ihes egitera behartu ditu. Kenyako Gurutze Gorriak zabaldutako datuak dira horiek.
Mundua
Kenyako Gobernuak hauteskundeetara deituko du berriro Auzitegi Gorenak hala aginduz gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu