Khameneik «mezua» bidali nahi dio Mendebaldeari hauteskundeekin

Irango bozetatik kanpo geratu dira oposizioko erreformistak, eta kontserbadoreen artean dago lehia bakarra

Jon Fernandez.
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ali Khamenei Irango aiatola nagusi eta estatuburua izan da Teherango legebiltzarrerako hauteskundeetan botoa ematen lehenetakoa. Joan den asteazkenean esandakoa errepikatu eta herritarrei hauteslekuetara joateko deia egin die, herrialdearen segurtasuna eta izen ona defendatu eta Mendebaldeko potentziei «zaplaztekoa emateko». Botoa ematea eskubidea izateaz gain betebeharra ere badela esan du Khameneik, eta orain inoiz baino inportanteagoa dela bozkatzea, «Iranen etsaiei eta lagunei mezua bidaltzeko».

Hauteslekuetako ilara luzeak ikusirik, Barne Ministerioko Hauteskunde Sailak aurretiaz ezarritako epea baino bost ordu geroago itxi ditu hautestontziak. Lekuko eta nazioarteko informazio iturrien arabera, hala ere, parte hartzea 2009ko presidentetzarako hauteskundeetakoa baino txikiagoa izan da. Bozetan ez da behatzaile independenterik egon, eta gobernuak jakinarazi du datorren astelehenean argitaratuko dituela hauteskundeetako behin betiko emaitzak.

Legebiltzar berriko 290 eserlekuen banaketa edozein dela ere, Iranen atzerri politika ez da asko aldatuko. Oposizio erreformista hauteskundeetatik kanpo geratu da, eta kontserbadoreen barruko bi fakzioen artekoa da lehia bakarra, Mahmud Ahmadinejad presidentearen jarraitzaileen eta Khameneiren jarraitzaileen artekoa alegia. Finean, datorren urtean egingo dituzten presidentetzarako hauteskundeetarako indar neurketa izan da hauteskundeotan jokatu dutena. Muturreko elizgizonek presidentearen aldekoen indarra gutxitzea espero dute, Ahmadinejad 2013an berriz hautatua izatea zailagoa izan dadin eta Khameneiren ildokoren bati bidea zabaltzeko presidentziara.

Estatuburuari dagozkion eskumenez jabetu nahia leporatzen diote muturreko kontserbadoreek Ahmadinejadi. 2009ko hauteskundeetan bere garaipena berretsi zuen Khameneik oposizioaren protesten aurrean, baina bi agintarien arteko tentsioak gora egin du nabarmen azken urteotan. Iazko apirilean, esaterako, Ahmadinejadek Inteligentzia ministroa kargutik kentzea erabaki zuen, hark presidentearen hurbileko ofizial bat kaleratu zuelako. Baina Khameneik ez zion ministroa kargutik kentzea onartu, eta Ahmadinejad haserretu egin zen; 11 egunez ez zen gobernuko bileratara joan.

Areago, Zaindarien Kontseiluak, elizgizon boteretsuek eta eragin handiko merkatariek osatutako aliantzak kanpaina gogorra egin dute azken asteotan Ahmadinejaden jarraitzaileek hauteskundeak irabaz ez dezaten. Presidentearen dozenaka jarraitzaile, gainera, atxilotu edo kargutik kendu dituzte, herrialdean elizgizonek duten boterea murriztea xede duen «okerreko korrontekoak» izatea leporatuta.

Erreformistak, preso

Oposizioko Mugimendu Berdeak ezin izan du bozketan parte hartu. 2009ko bozetan ustelkeria salatu zuen, eta istilu larriak eragin zituen gobernuaren errepresioak. Orduan presidentegai izan ziren Mirhossein Musavi eta Mehdi Karubi oposizioko lider nagusiak etxean preso daude iazko otsailaz geroztik. Teheranek herrialde arabiarretako matxinadak defendatu baditu ere —Siriakoa izan ezik—, neurri zorrotzak hartu ditu, hauteskundeetan berriz gerta ez daitezen 2009an gertatutako protestak. Zaindarien Guardiak atzera bota ditu hauteskundeetara aurkeztutako 5.395 hautagaien %36, gehienak erreformistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.