MunDUA

Khatamik baieztatu du uko egin diola Irango presidentetzara aurkezteari

"Ildo erreformistako jarraitzaileak ez zatitzeko" hartu du erabakia Irango presidente ohiak.

2009ko martxoaren 17a
15:46
Entzun
Mohamed Khatami Irango presidente ohiak gaur baieztatu egin du atzo alderdi erreformistako hainbat kidek esandakoa: ez da Irango presidentetzarako hautagai izango. "Ildo erreformistako jarraitzaileak ez zatitzeko" hartu du erabakia, gaur prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Ekainaren 12an egingo dituzte hauteskundeak, eta baliteke Khatamik orain Mir Husein Musavi lehen ministro ohi eta erreformisten buruzagia babestea. Mehdi Karrubi izango da ildo hartako beste hautagaia. Kontserbadoreek oraindik ez dute inor aurkeztu. Maiatzaren 8a izango da hautagaiak aurkezteko azkeneko eguna.

Dena den, Irango presidente Mahmud Ahmadineyadek bere burua aurkeztuko duela adierazi du. Baina oraingo honetan hautagai independente moduan aurkeztuko dela diote haren inguruko hainbat iturrik. Inflazioak gora egitearen erruduntzat jo dute hainbatetan Irango presidentea.

Lehen presidente erreformista izan zen

Mohammad Khatami elizgizon erreformista Irango presidente izan zen 1997tik 2005era. Erreformaren aldeko programa aurkeztu zuen orduan, eta Iraultza Islamiarrari uko egin gabe erregimena irekitzearen aldeko apustua egin zuen.

Presidente ohiak ezustean irabazi zituen 1997ko hauteskundeak, botoen %70 eskuratuta. Aldaketak ekarriko zituela sinetsi zuten emakume eta gazte askok, baina agintean egon zen urteetan ezin zuen hitz emandako guztia bete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.