1975 eta 1979 artean Kanbodian agintean egondako gerrillako kideak ziren Nuon Chea, Pol Pot liderraren albokoa, eta Khieu Sampha, sasoi hartan estatu idazkari zena. Aurrenekoak 92 urte ditu, 87 bigarrenak, eta Kanbodiako Auzitegi Gorenak bizi osorako zigorra ezarri zien 2014an. Pol Pot 1998an hil zen. NBE Nazio Batuen Erakundeak babestutako auzitegiaren epaia historikoa da, genozidioa egin zutela ebatzi duelako. Gainera, bizi osorako kartzela zigorra berretsi du. Khmer Gorriek 1,7 milioi pertsona inguru hil zituzten, goseteen, gaixotasunen eta errepresioaren ondorioz; hau da, herritarren ia laurdenak.
Kanbodiako Alderdi Komunistaren adar armatua izan ziren Khmer Gorriak. Kapitalistatzat eta burgestzat jotzen zituzten egitura guztiak eraitsi zituzten. Gutxiengo vietnamdarraren eta chamaren (musulmanak) egin zuten bereziki. NBEk 2007an eman zuen bizirik zeuden liderrak atxilotzeko deia, eta 2011n hasi zen haien kontrako epaiketa.