Ipar Koreako buru Kim Jong-un auzipetzeko eskatu du NBEk herrialde hartan duen ordezkari bereziak, "gizateriaren aurkako krimenak" egotzita. Marzuki Darusmanen esanetan, Kimen erregimenak milioiak bideratzen ditu arma nuklearrak eta suntsipen handikoak garatzera, herritarrak gosez dauden bitartean.
Salaketa NBEren Giza Eskubideen Batzordean egin du Darusmanek: "Bermeak eskatu nahi dizkiot nazioarteari Ipar Koreako erregimeneko arduradunek azalpenak eman ditzaten, tartean, baita Kim Jong-unek ere". Ipar Koreako ordezkaritzak uko egin dio batzarrean parte hartzeari.