IRITZIA. ESPAINIAKO GORTEETARAKO HAUTESKUNDEAK

Kinielak egiteko garaia

JASONE ARETXABALETA
2004ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Badakit Jose Maria Aznar ez dela hauteskunde orokorretara aurkeztu, baina atzo Alderdi Popularrak hartu zuen jipoia ez nioke Mariano Raxoi hautagaiari egotziko, ez, horren errudun nagusia, azken zortzi urteotako presidente espainarra izan da, inolako zalantza barik. Joan den ostegunerarte arrazoi asko egon zitezkeen popularrek gehiengo nagusia galtzeko, baina agian ez honelako porrota jasateko. Ostegunetik hona ordea, Madrilgo sarraskia gertatu zenetik igande goizerarte, egin zitezkeen hanka sartze guztiak egin dituztelakoan nago: gezurrak esan, informazioa manipulatu, herritarrak inozotzat hartu, lotsarik gabe eta betiko harrotasunarekin gainera. Horren guztiaren atzean berrehun lagunen hilketa dagoenean, ezin da modu trakets eta maltzur horretan jokatu. Horra hor boto emaileen zigorra. Honela amaitu da Aznarren garaia, porrot ikaragarri eta txalotuarekin.

Eta orain zer? Zabaldu den eskenatoki berri honetan, oso interesgarria izango da datozen egun edo asteotan emango diren mugimenduak ikustea. Sozialistek zortzi urte egin dituzte oposizioan eta orain, berriro, gobernatzeko erantzunkizuna dute; erantzunkizun horri nola aurre egingo dioten ikusteko dago, baina Rodriguez Zapaterok kontuan hartu beharko ditu hauteskunde kanpainan zehar esan dituen guztiak, besteak beste alderdi politiko eta buruzagi guztiekin hitz egingo duela, elkarrizketa berreskuratuko duela; ea agindutakoa betetzen duen. Orain kinielak egiteko garaia hasi da. Zapaterok Felipe Gonzalezek egindako hitzarmenak berreskuratu nahi baditu, CiU eta EAJren botoekin gehiengo absolutoa izango luke. Baina ez dut uste garai hauek berdintsuak direnik, ez egoera politikoagatik, ezta harreman pertsonalengatik ere. Oso zaila izango da gainera CiUk PSOEri barkatzea Katalunian gobernua kendu izana. Logikoena, ezkerreko hitzarmena izango litzateke, PSOE-ERC-IU. Hitzarmen honek ere gehiengoa emango lioke Zapaterori, baina orduan Carod-Roviraren botoa beharko luke Diputatuen Kongresuan, agian ERCko buruzagiari ministeritza bat emateko beharra ere izango luke. Carod-Rovirak, Bilbon hitzaldia eman zuenean argi utzi zuen, Kataluniarako dituen asmoak aurrera eramateko Madrilen ministro izan beharko balu, izango litzatekeela. Beraz Carod-Roviraren aldetik ez legoke arazorik. Baina ETArekin elkarrizketatu, eta batez ere ETAk Kataluniarako su-etena iragarri ondoren, erabat kriminalizatu eta deabru bihurtu duten buruzagi kataluniarra gobernuan sartzeak hauts asko harrotuko lituzke. Ikusiko dugu noraino iristen den Zapateroren ausardia eta maila politikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.