Kirgizistango agintariek Teshiktash herri inguruan 540 iheslari uzbek aterpetu dituzte 10 denda handitan. Larunbatean 4.000 bat uzbekek, liskarretatik eta zapalkuntzatik ihesi, Kirgizistango muga igaro zuten, Korasuv herrian barrena batez ere. Gehienak Andijon hiritik ihesi joan ziren, soldaduek 500 manifestari inguru hil ondoren. Iheslariek oinez egin zuten mugarainoko bidea (50 bat kilometro), gauez eta talde txikitan, errepide nagusiak eta kontrolak saihestuta. Gainera, giza eskubideen aldeko ekintzaile Saidjahon Zainabitdinovek adierazi zuenez, handik gertuko Pakhtabad herrian soldaduek 200 bat manifestari hil zituzten larunbatean.
Errefuxiatu gehienak gizonezkoak dira, baina hainbat emakume eta ume txiki ere daude. Azaldu dutenez, beren herrietara itzultzearen beldur dira, Gobernuak zigortuko dituela uste baitute. Jakinarazi dutenez, muga iragotzen ari zirela soldadu uzbekek haien kontra tiro egin eta zenbait iheslari hil eta beste batzuk zauritu zituzten. Jakin denez, iheslarien artean Andijongo enpresario batzuk daude, matxino armatuek iragan astean kartzelatik askatuak. Hain justu, hauen aurkako epaiketak muturreko islamismoa bultzatzea egotzi die Gobernuak eragindako haserreak piztu ditu egunotako protestak. Enpresarioek esan dute ez dakitela Gobernuak zergatik leporatu dien hori. Hainbat iturriren arabera, baliteke Andijongo protesten antolatzaileetako batzuk errefuxiatuen artean egotea. Haatik, iheslariek esan dute ez dakitela zeintzuk diren protesten antolatzaileak, eta beraiek hauetan parte hartu zutela ez dituztelako «Uzbekistango Gobernuaren ustelkeria eta neurri zapaltzaileak» gehiago jasaten. Erresuma Batuko Atzerri ministro Jack Strawk «justifikaezintzat» jo du ostiraleko indarkeria. Bai berak bai Etxe Zuriak Gurutze Gorria eta kazetariak gatazkaren gunera sartzen uzteko eskatu diote Gobernuari. Londres eta Washington Uzbekistango presidente Islam Karimoven aliatuak dira eta 2004ko urrian Erresuma Batuko enbaxadore Craig Murrayk salatu zuenean Uzbekistango segurtasun indarrek oposizioaren jarraitzaileak torturatzen zituztela eta lortutako informazioa AEBek eta Londresek baliatzen zutela, kargutik kendu zuen Downing Streetek.Larunbatean muga igaro zutenetako askok Kirgizistanen bizi diren senideen etxeetan hartu dute aterpe. Uzbekistango Armadak eta Poliziak kontrol ugari ezarri dituzte errepideetan, iheslari gehiagok muga igaro dezaten eragotzi nahirik.
Errefuxiatu oldea
NBEk errefuxiatuentzat duen erakundeko bozeramaile Peter Kesslerrek atzo esan zuen Kirgizistango agintariak iheslari uzbek ugari hartzeko prestakuntzetan dabiltzala. Erantsi zuenez, muga gainditu dutenetako asko zaurituta daude. Bestalde, Human Rights Watch giza eskubideen aldeko taldeak segurtasun indarren zapalkuntza gaitzetsi, eta protestek «terrorismoarekin» zerikusirik ez dutela nabarmendu zuen: «Pobreziaren eta zapalkuntzaren kontrakoak dira». Zapalkuntza areagotzeko posibilitateaz kezkatuta agertu zen HRW, eta biktima kopurua zehaztea zaila dela esan zuen.
Armadak Andijondik ekialdera 20 bat kilometrora dagoen Korasuv herria inguratu eta itxi zuen atzo. Han gertatu ziren larunbatean istilurik latzenak. Erreka batek herria eta Kirgizistan banatzen ditu. Mugako herri horretan Poliziaren eta Zerga bulegoei su eman zieten manifestariek, eta hainbat polizia auto suntsitu. Andijongo liskar eta tiroketen (ehunka pertsona hil zituzten soldaduek) berri izan ahala, Korasuveko herritarrek alkatearengana jo zuten agintariek duela bi urte itxitako mugako pasabidea irekitzeko eskatzeko. Herritar asko kexu dira muga itxierak herriari kalte egin diola, mugaz bestaldean dagoen merkatura ezin direlako joan.Itxuraz, alkateak uko egin zion muga irekitzeko eskaerari eta orduan herritar batzuk hura jipoitu zuten, baita polizietxea, zerga bulegoa eta Gobernuaren beste zenbait eraikini su eman ere.Atzoko informazioen arabera, herria lasai dago. Herritarrek bilerak egin dituzte beraiek herriaren funtzionamendua nola antolatu eztabaidatzeko. Baina badirudi Armadak dena kontrolpean edukitzeko mugimenduak egindo dituela aurki. Andijoni dagokionez, soldaduak eta tankeak kaleetan gora eta behera dabiltza. Haatik, zenbait herritarrek esan zuten soldaduen eta ekintzaileen arteko tiroketak izan zirela goizaldean.
UZBEKISTANGO MATXINADA
Kirgizistanen aterpetu dira ehunka uzbekistandar
Segurtasun indarrek 700 bat pertsona hil dituzte egunotan, informazio batzuen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu