Kirgizistanen oposizioko alderdi nazionalistak irabazi ditu bozak, alde txikiarekin

Gobernua eratzeko, aliantzak egin beharko dituzte; lehiatu diren 29 zerrendetatik bostek soilik dituzte hautetsiak

Erredakzioa
2010eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Kirgizistanen demokrazia parlamentario bat eraikitzeko antolatu diren lehendabiziko bozek egoera politiko nahasia utz dezakete. Ezen, alde txikiarekin bada ere, oposizioko alderdi nazionalista atera da garaile, hain zuzen ere, iragan apirilean boteretik kendutako presidentearen jarraitzaileak -Kurmanbek Bakieven kontrako matxinadak hildako ugari utzi zituen hainbat hilabetez-. Legebiltzarrerako hauteskundeetara lehiatzen ziren 29 zerrendetatik bostek soilik lortu dituzte hautetsiak. Gobernua osatzeko, beraz, aliantzak egin beharko dituzte.

Matxinadaren ostean eratutako behin-behineko agintearen oposiziokoa den Ata-Jurt alderdiaren zerrenda da aurrean irten. Botoen %96 zenbatuta, hautesle kopuruko bozen %8,7 bereganatu ditu alderdiak. Doi-doi atzetik geratu da, aldiz, gaur egungo gobernua sustatzen duen SDPK Kirgizistango Alderdi Sozialdemokrata -botoen %8,1-. Ondoren datoz, hurrenez hurren, Felix Kulov lehen ministro ohia buru zuen Ar-Namys oposizioko zerrenda, botoen %7,5rekin; Omurbek Babanov negozio gizonaren Republika zerrenda -%7,15-; eta gobernuaren sustatzaile Omurbek Tekebaieven Ata-Meken zerrenda -%5,80-. Horrek ozta-ozta gainditu du Legebiltzarrean hautetsiak edukitzeko lortu beharreko botoen %5eko emaitza. Igandeko bozetara lehiatu diren24 zerrendek, ostera, ez dute horrelakorik lortu.

Ata-Jurt indar politiko nazionalista garaile irteteak kezkak eragin ditu hainbat adituren artean. Izan ere, atzerrira ihes egitera behartua izan den presidente ohiaren indar politiko hau kirgiz gehiengoaren babesle sutsu gisa azaltzen da, eta jarraitzaile ugari ditu. Hortaz, herrialdean gutxiengoan dauden beste etnien aldera jarrera oldarkorrak dauzka, bereziki hego-mendebaldean kokatuak diren uzbekoen kontura. Adituen arabera, alderdi horrek sustatu zituen iragan ekainean Ox hirian uzbekoen aurka izandako eraso odoltsuak. Liskar horietan 400 eta 2.000 lagun artean hil ziren.

Nazioartearen babesa

Emaitzek Kirgizistanen egonkortasun politikoaz kezkak utzi badituzte ere, nazioarteko komunitateak babestu egin ditu hauteskundeak. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzarako Antolakundeak zehaztu du bozetan «oinarrizko askatasunak errespetatuak» izan direla. Etorkizun politikoa bideratzea izango da orain erronka, ezen bost urtean bi iraultza izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.