Duela bi urte egin behar zuten Kirkuken erreferenduma, Kurdistan autonomoarekin bat egin edo Bagdadeko gobernuaren menpe jarri erabakitzeko. Ordutik bitan atzeratu dute herri galdeketa, Kirkukeko gehiengo kurduak lehenengo hautuaren alde egingo zuela jakitun bozketa egitearen aurka agertu baitira eskualde horretan bizi diren arabiarrak eta turkmenoak. Auzi horri irtenbidea emate aldera, hain zuzen, Irakeko Parlamentuak batzorde bat eratu zuen otsailaren 2an. Bi hilabeteren buruan amaitu du lana, komunitateen arteko ezadostasunak gainditzerik izan ez dutela aitortuta. Kirkukeko auziak, hortaz, bere horretan jarraitzen du.
Diputatu arabiarrek, kurduek eta turkmenoek osatutako batzordeak duela bi hilabete, Kirkuken izan zenean, administrazioa denen artean kudeatzeko mekanismoak sortzea zuen xede, baita hiru komunitate horien arteko interes gatazka dela medio gatazka areagotu ez zedin bermatzea ere. Egindako ahalegin oro antzua izan da, ordea. Herritarrek diputatuen lana erraztu baino gehiago trabatu egin dutela diote tokiko hedabideek. Batzordeak mahai gainean jarritako gaien artetik batean ere ez dute lortu ados jartzea, ondorioz.
Eskubide konstituzionala
Irakeko Konstituzioan, 40. artikuluan, Kirkukeko etorkizuna ebazteko, erreferenduma egitea jasota dago. Eskubide konstituzional hori aldarrikatzen du hiri horretan bizi den gehiengo kurduak. Iraken menpeko Kurdistan autonomoarekin bat egiteko aukera emango lieke horrek. Turkmenoek eta arabiarrek, ordea, uko egiten diote gobernu kurduaren menpe jartzeari, eta horregatik, nola edo hala, Kirkukeko etorkizuna herri galdeketan erabakitzea saihestu nahi dute. Bozketa egingo balitz, izan ere, kurduen borondatea gailenduko litzateke.
Ahatik, eta Kirkukeko gutxiengoak aurka egonda ere, Bagdadek zama konstituzionalari egin behar dio aurre. Bitan ahalegindu da horretan: 2007ko amaiera arteko epea jarri zuten lehenengoan, baina, bozketa egitea ezinezkoa zela iritzita, iazko ekaina arte atzeratzea erabaki zuten; bigarrengoan ere bertan behera gelditu zen bozketarako deialdia. Bitarte horretan, Kirkuken erdibideko konponbide bat lortzeko aukerari heldu dio Bagdadek.
Hego Kurdistango Gobernuak hiriburutzat dauka Kirkuk. Alabaina, hiri hori petrolio putzu nagusien gunea da, eta, horregatik, Bagdadek ez du eremu horren gaineko kontrola nola edo hala galtzeko asmorik. Kirkuken dago Irakeko petrolioaren ia erdia, baita, hortaz, herrialdeko diru iturri nagusia ere.
Arabiarrak dira petrolioaren kudeaketa esklusiboki Bagdaden esku utzi nahi dutenak. Turkmenoak erdibideko konponbide baten aldekoak dira: hiriaren kontrola Bagdaden eta Kurdistanen artean partekatzearen alde agertu dira.
NBE Nazio Batuen Erakundeak ere egin du orain gutxi Kirkukerako proposamena: komunitateen artean boterea partekatzeko aukera jarri du mahai gainean. Kurduek, ordea, atzera bota dute.
Kirkukeko auzia konpontzeko batzordeak porrot egin du
Kurduak gehiengo diren hiriaren etorkizuna erabakitzeko, komunitateen arteko interes gatazka gainditu nahi zuen batzordeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu