Klima aldaketari aurre egiteko, 600.000 milioi dolar beharko dira urtean

Klimari buruzko Munduko Biltzarrean «neurri ausartagoak» hartzeko eskatu die NBEk gobernuei

Erredakzioa
2009ko irailaren 2a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundean klima aldaketaren ondorioak galarazteko lanean diharduten adituek egindako kalkulua da: fenomeno horren ondorio txarrenak nozitu nahi ez baditu, munduak 500.000 eta 600.000 milioi dolar artean gastatu beharko du klima aldaketari aurre egiten. Diru kopuru hori munduko BPG barne produktu gordinaren %1 litzateke. Genevan (Suitza) herenegundik egiten ari diren bileran aurkeztu berri duten txostenak jasotzen du datu hori. Garapen bidean dauden herrialdeen garapena trabatu gabe, klima aldaketariaurre egiteko proposamen zehatzak jasotzen dituen lehena da.

«Ideia ausartagoen» alde egiteko eskatzen die bertan gobernuei, eta hala egiten ez badute beranduegi izango dela ohartarazten. Oraintxetik bertatik lanean hasten ez badira, energia iturri kutsagarriak albo batera uzten hasteko aukera galduko dute, NBEren txostenaren arabera. «Energia iturri zikinetan inbertitzen jarraitzeko arriskua dago, bizitza luzea dutelako bereziki, baina tranpa bat besterik ez da hori, energia berrietan inbertitzen hasteko eguna atzeratzea besterik ez baitu ekarriko horrek».

Ban Ki-moon, Artikoan

Klimari buruzko Munduko Biltzarrean 150 herrialdetako ordezkariak ari dira parte hartzen, eta klima aldaketaren ondorioei hobeto antzemateko mekanismoak dituzte aztergai bertan. 1979tik egiten duten gisa horretako hirugarren biltzarra da; lehenengoan IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldea eratu zuten. Erakunde horrek deituta, hain zuzen, goi bilera dira egitekoak Kopenhagen (Danimarka), urte honen amaieran. Kyotoko Protokoloa ordezkatuko duen ituna egitekoak dira orduan.

Klima aldaketaren ondorioen berri hobeto jakiteko xedez, hain zuzen, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia Artikora joango da. Ny Alseund nazioarteko basean egon da (Norvegia), hainbat herrialdetako zientzialarik Artikoan egiten dituzten ikerketa lanen berri jakiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.