Klima aldaketari aurre egiteko neurriak munduan «eredugarri» izatea nahi du EBk

Energia berriztagarriak sustatzeko egitasmoak biztanleko eta asteko hiru euroko kostua izango du

2008ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Klima aldaketari aurre egiteko mundu zabalarentzat «eredugarria» izateko asmoa duen plana aurkeztu du Europako Batzordeak. 2020. urterako CO2 isurketak %20 murriztu nahi ditu Bruselak eta helburu horretara iristeko neurriak iragarri ditu. Europako Batasuneko 27 estatukideetako gobernuek aztertu beharko dituzte orain neurriak, eta erronka hori bideratu ahal izateko ekonomiak egokitu beharko dituzte. Neurriak gauzatzea 60.000 milioi euroko kostua izango du. Europako biztanle bakoitzeko eta asteko hiru euroko gastua, alegia.

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak plana bideragarria dela jakinarazi du: «Klima aldaketaren erronka zailari aurre egitea izango da gure belaunaldiaren helburu politiko nagusia». Europako Batasunak iazko martxoan egindako goi bileran adostutako helburuak betetzeko neurriak iragarri dituzte orain.

Xedea da 2020. urtea bitartean berotegi efektua eragiten duten gas isurketak %20 murriztea -1990. urteko neurketekin alderatuta-. Energia berriztagarrien bidez ekoizten den energia, berriz, %20ra igotzea da helburua. Gaur egun %8,5ekoa da energia berriztagarrien bidez lortzen den energia. Helburu horiek gauzatzeko neurri mordoan oinarrituko plana aurkeztu du Bruselak. Neurri horietako bat da bost urte barru kutsadura handia eragiten duten industriei tasa bat ezartzea. Kutsatzeko baimenak erosi beharko dituzte horrela industriek.

Ekonomia arloetan eta haien arteko ezberdintasunetan oinarrituko dira sistema indarrean jartzeko, eta modu ezberdinean gauzatuko da, halaber, herrialdeen arabera. Bruselak proposatzen du gas isurketak murrizteko, eta energia berriztagarriak ugaltzeko helburuak estatuen ekonomia mailara egokitzea. Herrialde aurreratuak, ildo horretan, betebehar handiagoak izango dituzte. Danimarkak, hartara, %20an murriztu beharko ditu gas isurketak. Suedia (%17), Finlandia (%16), Erresuma Batua (%16), Belgika (%15), Alemania (%14) eta Frantzia (%14) dira hurrengoak zerrenda horretan. BPG Barne Produktu Gordinean oinarrituta finkatu ditu bete beharreko helburuak Europako Batzordeak.

Garapen bidean dauden herrialdeek, berriz, gas isurketak ugaltzeko baimena izango dute, betiere, %20ko muga gainditu gabe. Bulgaria, esaterako, muga horretaraino iritsi ahal izango da.

Energia berriztagarrien erabilera maila ugaltzeko helburuan ere, hainbat betebehar finkatzea proposatu du Europako Batzordeak. Frantziak, adibidez, %10,3tik %23ra igo beharko du energia berriztagarrien bidez ekoitzi beharko duen energia -2020. urtean-. Alemaniak %5,8tik %18ra, Poloniak %7,2tik %15 eta Suediak, berriz, %39,8tik %49ra. 2005. urteko datuak hartu dituzte helburuak finkatzeko garaian.

Bruselak finkatutako betebehar horiekin ezadostasuna agertu dute jada estatukide batzuek, hala nola Frantziak, Nicolas Sarkozy presidenteak errana zuen 2020. urtean energia berriztagarrien bidez ekoitzi beharrekoa %20 baino handiagoa ez izatea espero zuela -%23an finkatu dute -.



ERREAKZIO GAZI-GOZOAK. Europako Batasuneko estatu eta gobernuburuek klima aldaketari aurre egiteko neurri horiek aztertu beharko dituzte orain. Europako Parlamentuak ere onartu beharko du ondoren egitasmoa. Barrosoren ustetan neurria horiek ahalegin ekonomikoa eskatuko die estatukideei, baina, betiere, bideragarria dela azpimarratu du. Barne Produktu Gordinean %0,5 heinerako gastu orokor bat eragingo du planak Europan -2020. urtera arteko epean-. Orotara 60.000 milioi euro beharko dira, beraz, plana gauzatzeko. Barrosok zehaztu zuenez herritar bakoitzeko, eta asteko hiru euroko gastua esanahi du horrek. Gas isurketak murrizteko ezer ez egitea, alta, ekonomikoki kaltegarriagoa izango dela ohartarazi zuen Barrosok. BPG %5 eta %20 artekoa izango litzateke kasu horretan.

Europako Batzordeko planak erreakzio gazi-gozoak eragin ditu. Europako Parlamentuan, oro har, harrera ona izan du. Graham Watson Alderdi Demokrata eta Liberalaren diputatuak orain arteko ekimen garrantzitsuena iritzi dio. Sigmar Gabriel Alemaniako Ingurugiro ministroak «egitasmo adoretsu» gisa txalotu du. Greenpeace erakunde ekologistak, berriz, «hasiera oneko baina zalantzazkotzat» jo ditu proposamenak.

Kezkati eta kritiko agertu dira, ostera, industria alorreko ordezkariak. Bruselari presio egin diote planaren moldaketa fasean, eta lantegiak kanpora eramateko mehatxu egin dute. Guenter Verheugenen Europako Industria komisarioak eredu izan bai, baina ez duela «suizidio ekonomikorik» nahi zehaztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.