Inbestidura saioan nahikoa babes —edo, gutxienez, kontrako boto gutxiago— lortzea helburu, bilera egin du gaur Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidente eta PPko hautagaiak Pedro Sanchez PSOEko presidentegaiarekin.
55 minutuz egon dira batzarturik, eta Sanchez irten da prentsaurrera aurrena. Rajoyren kontrako botoari eutsi dio: "Koalizio handi bat eskaini dit, baina gu PPren alternatiba gara".
Rajoyk eman ditu azalpenak ondoren. Gobernua osatzeko premiaz ohartarazi dio Sanchezi, eta azpimarratu "konpromiso batzuk" beharrezkoak dira PSOEren aldetik. Bestela ez da egongo "ez inbestidurarik, ez gobernu egonkorrik", Rajoyren esanetan. Prest azaldu da PSOEk 2015eko abenduan aurkeztutako dokumentua edo Ciudadanosekin PSOEk berak adostutako agiria oinarri hartuta hitz egiteko.
Koalizio handia edo hirugarren bozak
Berak gobernua osatzeko nahikoa babes ez badu, Rajoyk ez du bestelako gobernurik espero: "Sanchezek ezetzari eusten badio, hauteskundeak egingo dira berriz". PPkoa bihar Albert Rivera Ciudadanoseko presidentearekin batzartuko da.
Bileran PSOEren abstentzioaren atea irekiko zen, hori zen zalantza. Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiak esana du Sanchezek, gobernua osatzeko aukerarik ez badu, gobernatzen utzi beharko liokeela PPri, eta antzeko iritzia adierazi dute PSOEko buruzagi batzuek. Hipotesi hori, ordea, baztertu egin du Antonio Hernando PSOEko Kongresuko bozeramaileak gaurko bileraren atarian: "behin betikoa" da Rajoyri emango dioten ezezkoa.