Anaia Musulmanen Justizia eta Eraikuntza alderdiko buru Mohamed Sawanek adierazi du koalizio islamista bat sortzeko elkarrizketak abiatu dituztela Libiako Kontseilu Nazional Nagusiko hauteskundeetara aurkeztutako gainerako alderdi politikoekin eta hautagai independenteekin. Baina NFA Indar Nazionalen Aliantza elkarrizketa horietatik kanpo utzi dute. Sawanek esan du oraingoz «hamar bat alderdi politikorekin eta hautagai independente askorekin» hitz egin dutela. Haren arabera, elkarrizketa horietan alderdi islamista nagusiek hartu dute parte, Alderdi Nazionalak eta Aberria Alderdiak, esaterako.
Sawanen arabera, Justizia eta Eraikuntza alderdia eta NFA «zenbait gaitan» ados dauden arren, bi alderdien arteko distantzia «handiagoa» da Justizia eta Eraikuntzak gainerako alderdiekiko duena baino, eta horregatik utzi dute NFA koalizio islamista osatzeko elkarrizketetatik kanpo. Sawanen hitzetan, Mahmud Yibrilek uste du «xariak (lege islamikoa) bizitzako arlo batzuetan soilik» eragiten duela. «Baina islamak ez du hautatzen uzten», Sawanen arabera, eta gaineratu du «islamaren alde egingo duen gobernua» nahi dutela. Hala, islamaren presentzia «arlo guztietan» bermatuko ez duelako «Muammar Gaddafiren antzekoa» izatea egotzi dio Yibrili.
Yibrilek ere elkartzeko deia
Joan den astelehenean, Yibrilek NFA alderdia bozetako garailetzat jo zuen botoen hiru laurdenak baino gehiago zenbatuta. Gaddafi agintetik kanporatu osteko Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko gobernuaren lehen ministro izan zen Yibril. Berak ere «elkarrizketa nazional batean» parte hartzeko deia egin zien gainerako alderdiei orduan.
Espero dute aste honen amaierarako boto guztiak zenbatuta egotea, eta emaitzen arabera osatuko duten legebiltzarrak Libiako presidentea nor izango den erabakiko du. Lau hilabete barru, berriz, konstituzio berria idatziko duen Konstituzio Batzordea hautatuko dute herritarrek bozen bidez.
Koalizio islamista osatzetik at utzi dute NFA Libian
Zenbatuta dauden botoen arabera, parlamenturako bozak NFA Indar Nazionalen Aliantzak irabazi ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu