Koalizioaren aldeko apustua krisian dago Erresuma Batuan

Liberal-demokraten eta 'tory'-en arteko itunak herritarren %43aren babesa besterik ez du, sortu eta zazpi hilabeteraLaboristak izan dira gobernu koalizioaren gainbeheraren onuradun nagusiak

2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Koalizio gobernua eratu eta zazpi hilabetera, kontserbadoreak eta liberal-demokratak batzen dituen itunak herritarren gehiengoaren babesa galdu du. Egun, britainiarren %43a besterik ez dago koalizioaren alde, maiatzean baino dezente gutxiago.

Iragan maiatzean gobernu historikoa eratu zuten Erresuma Batuan hauteskundeen ostean. Bi alderdi nagusiak, kontserbadoreak eta laboristak, gehiengorik lortu ez eta Nick Clegg buru duen alderdi liberal-demokratarekin negoziatzeari ekin zioten. Gehiengorik gabe, II. Mundu Gerra garaitik Erresuma Batuan egiten ez zena egitera beharturik baitzeuden: koalizio gobernua eratzera.

Gordon Brown lehen ministro ohiak dimisioa aurkeztu zuen hauteskundeak egin eta gutxira. Horixe izan baitzen, hain justu,hauteskunde kanpainan Cleggek kontserbadoreekin batzeko ezarritako baldintza. «Interes nazionalak hala eskatzen badu, eta liberal-demokraten eta laboristen arteko koalizioak interes nazionalaren alde egiten duela ikusten badugu, ez dut nik koalizio hori eratzea oztopatuko», esan zuen Brownek kargua uzterakoan. Oztopoa kenduta ere, ez zituzten liberal-demokratak konbentzitu ordea. Ordurako David Cameron kontserbadoreen buruaren eta Cleggen arteko negoziaketak aurreratuta baitzeuden.

Hori horrela, irabazleekin, kontserbadoreekin, bildu zen Clegg. Urteetan «etsai» izan diren bi alderdietako buruzagiak eskutik emanda iritsi ziren Downing Streeteko 10. zenbakira. «Etsaiak ginen, baina lankide gara orain», esan zuen Cameronek akordioaren berri ematerakoan.

Baina, alderdien barruan eta alderdietatik at ere, etsaien bat-bateko adiskidetze hark kezka handiak eragin zituen. Akordioa egin eta hilabete gutxira, krisi hotsak entzuten dira: koalizioa geroz eta ezegonkorragoa den heinean, herritarren sostengua geroz eta txikiagoa da.

Alderdi liberal-demokrataren barruan, kontserbadoreekin batzea traizio egitea zela pentsatu zuen batek baino gehiagok. Hala, Nick Clegg Lehen ministrorde izendatzen zuen ituna iragartzearekin batera, hainbatek alderdia utzi zuten.

Hainjustu, alderdi liberal-demokrata izan da koalizioarekin kalte gehien jasan duen alderdia. Azken bost urteetako babesik txikiena duorain. Inkesten arabera, herritarren %13ak ere ez luke liberal-demokraten alde egingo orain.

Barne krisia

Azken asteotan, Nick Cleggen ondokoek liberal-demokraten burua alderdikideekin inoiz baino haserrekorrago dagoela jakinarazi dute. Izan ere, azkenaldian, behin baino gehiagotan aritu dira legebiltzarreko liberalak koalizio itunaren aurka kexuka. Era horretan koalizioaren egonkortasuna kolokan jartzen dutelako larrituta dago Clegg.

Erresuma Batuko The Daily Telegraph egunkariak ezkutuan grabaturiko hainbat elkarrizketa argitara eman ditu duela gutxi, eta jada ezegonkorra den giroa are gehiago nahasi dute. Kazetariak zirela esan gabe hainbat liberal-demokratekin izaniko solasaldiak grabatu zituzten. Hizketaldietan, tory-en aurkako kritikak etengabeak dira. Gertakari honek gobernu koalizioaren haserrea piztu du.

Bestalde, koalizioko kideek legebiltzarreko eztabaidetan «diziplina» gehiago izan beharko luketela uste du lehen ministrordeak. Koalizioko barne gatazkak legebiltzarrean aireratzen aritzeak mesederik egiten ez dietela baitio.

Eztabaidek koalizioaren egonkortasuna kolokan jartzen dutelako, larrituta dago Clegg. Gainera, barne kritiken ondorioz, herritarrek koalizioari errespetua galduko diotenaren beldur da. Eta horixe da, hain justu, gertatzen ari dena. Akordio batek aurrera egin dezan premiazko baldintza den konfiantza ere kutsatzen ari dira alderdikideak, Cleggen ustez.

Aurkako hotsak, ordea, ez ditu isilarazi liberal-demokraten buruak. Alderdiko kritikoek leporatzen baitiote koalizioaren egonkortasunaren aitzakian etengabe kontserbadoreen alde egiten duela. Cameronen ideologia bere egin duela ere egotzi diote Cleggi.

Estrategiaren eta identitatearen arteko eztabaidak areagotuz doaz, alderdiaren ospeak behera egiten duen heinean.

Kontserbadoreen «higatzea» ez da hainbesterainokoa izan. Maiatzean tory-ei babesa eman zietenek koalizioa egin beharreko zerbait zela uste dute. Azken inkesten arabera, kontserbadoreen aldekoen %75ak baino gehiagok babesten du gobernua sustengatzen duen ituna.

Dena den, liskar guzti honetan irabazlerik bada, hori alderdi laborista da. Iragan maiatzean Gordon Brownen gidaritzapean hauteskundeak galdu bazituzten ere, une honetan, kontserbadoreei aurrea hartu diete. Liberal-demokratekin biltzen saiatu baziren ere, horiek Cameronen alde egin zutenez, oposizioan egotea egokitu zaie hilabete hauetan. Lehiakideak barne eztabaidatan hondoratzen ari diren bitartean, beraz, laboristak gora eta gora ari dira, gelditu gabe.

Duela bi aste, hain justu, Ed Miliban laboristen buruak desilusionatutako liberalei dei egin zien, eurekin bat egiteko. «Liberalen arteanasko eta asko etsita eta lotsatuta daude, koalizioaren alde euren tradizio progresista bahitu dutelako», adierazi zuen Milibanek.

Aurkari historikoak

Historikoki aurkariak izan dira liberal-demokratak eta kontserbadoreak. Hain zuzen ere, askok, maiatzeko hauteskundeen ostean liberal-demokraten eta laboristen arteko itunaren alde egin zuten. Hori egitea, ordea, gobernu ahula hautatzea litzateke. Hauteskundeetako irabazlea bazter utzita, Gales, Eskozia eta Ipar Irlandako nazionalisten babesa behar baitzuten horretarako.

II. Mundu Gerra garaitik egin den lehen gobernu koalizioak ez du Cameronek iragarritako «indar eta egonkortasunik» ekarri herrialdera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.