Erresuma Batuko Legebiltzarra gobernu koalizioaren barne zatiketaren isla bilakatu zen atzo. Europako Batasunaren ituna aldatu eta diziplina fiskala ezartzeko akordioari emandako betoaren inguruko azalpenak eman zituen David Cameron lehen ministroak parlamentuan, alderdikideen txaloen eta oposizioaren gaitzespen oihuen artean. Gobernu koalizioa osatzen duten liberal demokratak erabakiarekin ados ez badaude ere lehen ministroari atzoko agerraldian egurrik ez ematea erabaki zuten, barne krisia ez areagotzeko. Dena den, igandean Cameronen erabakia gogor kritikatu zuen Nick Clegg lehen ministrordea eta liberal demokraten burua parlamentura joan ez izanak agerian utzi du Downing Streeteko 10. zenbakian ez dela giro.
Bere alderdiko euroeszeptikoen eta gobernu koalizioko liberal demokrata eurozaleen su gurutzatuaren erdian merkatu bateratua eta herrialdearen bakartzea defendatzen saiatu da Cameron. Bruselan hartutako erabakia nazioaren interesen onurarako egin zuela azaldu du. Erresuma Batuaren finantza sistema babesteko Bruselan bermerikjaso ez zuelako eman dio bizkarra itunari Cameronek. Tory-en liderrak bere alderdiko euroeszeptikoenen atseginerako azaldu duenez, gainera, ez du babesa eskatzeagatik barkamenik eskatuko.
Bruselan eskaera «apalak, arrazoizkoak eta garrantzitsuak» egin zituela dio Cameronek, besteak beste, Europako Banku Agintaritzaren egoitzak Londresen jarraitzea, egoitza Londresen duten AEBetako finantza erakundeak babestea, eta finantza eragiketak zergapetzeko Tobin tasa herrialde guztiek onartzea, AEBak barne. Dena den, akordio bat lortzeko ahaleginak egin zituela jakinarazi du buruzagi kontserbadoreak. Erabakia erraza ez, baina «hartu beharrekoa» izan dela azaldu du.
Cameronen ezezkoak EBn eta Erresuma Batuan eragin duen iskanbila apaldu asmoz, dramatismoa kendu nahi izan dio lehen ministroak egoerari, EBko eskubide osoko kide izaten jarraitzen duela nabarmenduz: «EBn gaude eta bertan egon nahi dugu». Guztiek badakite, dena den Europarekin harremana ez dela lehengoa izango, eta hala aitortu zuen tory-en buruzagiak berak ere: «Gure harremana aldatu egingo da, horretan ez dago zalantzarik, baina benetan interesatzen zaizkigun gauzek lehengoan jarraituko dute, hots, merkatu bateratuak, merkataritzak eta inbertsioek».
Laboristek gogor kritikatu dute kontserbadoreen jarrera, eta «Europari bizkar ematea» herrialdearen etorkizunarentzat kaltegarria izango dela salatu dute. Erresuma Batuak Europan «negoziatzeko aulkia» galdu duela salatu du Ed Miliband oposizioko buruak. Herrialdea eta finantzak kaltetuko ditu betoak, Milibanden ustez. Era berean, bankuen esanetara aritu izana egotzi diote lehen ministroari. Cameronek oposizioko buruak esandakoa ukatu du, eta bankuekin «zorrotz» jokatu duela dio. Liberal demokratei ere azalpenak eskatu dizkiete, eta atzo arratsaldean, legebiltzarkide kontserbadore batek baino gehiagok «non dago Clegg?» galdetu zuen.
Erabakiaren konplizeak
Liberal demokratak koalizio kidearekin eztabaida gehiago ez sortzen ahalegindu ziren atzokoan, parlamentuan.Hori horrela, Cameronen erabakiaren aurka badaude ere, atseden eman zioten lehen ministroari. Dena den, liskar honetan kaltetuenak direla badakite, izan ere, beraiek arbuiatzen duten erabakiaren konplize bilakatu dira ezinbestean. Kontserbadoreekin duela hemezortzi hilabete eginiko ituna garesti ordaindu dute, euren aldekoen artean babesa galtzen ari baitira.
Lehen unean koalizio kidea defendatu zuen ministrordeak, baina liberal demokrata pisutsuak erabakiaren aurkako adierazpen publikoak eta gogorrak egin eta gero, Cleggek antzezteari utzi zion. Erresuma Batua zokoratzea leporatu zion lehen ministroari, eta «desilusionatuta» dagoela gaineratu zuen. Gertatutakoaren errua kontserbadoreen baitako bloke euroeszeptikoari bota zion, eta baita Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren intrantsigentziari.
BBC Erresuma Batuko irrati-telebista publikoaren esanetan «distrakziorik ez eragiteko» ez da Clegg Legebiltzarrean azaldu.
Koalizioko kideak, urrunduta
Cameron lehen ministroak legebiltzarrean azaldu du EBko itunari ezezkoa eman diola Erresuma Batuaren interesak babestekoLiberal demokraten eta kontserbadoreen koalizio gobernuaren krisia areagotu egin da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu