Kobaneren aurka jo zuen bart Estatu Islamikoak. Gehiengo kurdua duen hiri hori joan den urtarrilean berreskuratu zuten milizia kurduek, hainbat hilabetez islamisten menpe egon ostean. Zenbait iturriren arabera, Turkiatik barrena sartu dira milizianoak Siriara. Ankarak, ordea, ukatu egin du halakorik, esanez Siriatik bertatik sartu direla Kobanera. Ez da lehen aldia Turkiari islamistei laguntzea egozten diotela, nahiz eta hark gezurtatu.
Siriako Giza Eskubideen Behatokiak zabaldu duenez, bonba-auto bat leherrarazi dute gauean islamistek Siria eta Turkia arteko mugan, eta hainbat hildako eragin. Behatokiaren arabera, gutxienez EIko hogei kide hil dituzte bonbardaketetan. Zenbait berri agentziren arabera, dozenaka dira hildakoak.
Geroztik, borrokak dira nagusi hiriaren inguruetan. Biktima gehiago saiheste aldera, etxean geratzeko eskatu diete miliziek Kobaneko herritarrei.
Hiri kurdu hori ez da, hala ere, azken egunetan erasoak jasan dituen bakarra. Al Hasakan ere liskarrak izan dira azken orduetan.