Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundeko eta Arabiar Ligako bitartekariaren hitzetan, bere bake plana da Sirian gerra zibila saihesteko azken aukera. Annanek bilera egin du NBEko Segurtasun Kontseiluarekin Genevan (Suitza), eta ez da baikor agertu Siriako egoerarekin. «Bake plana da Sirian gerra zibila saihesteko azken aukera, baina nire eskaintza ez da betiko, mugatua da», adierazi du Annanek. Aitortu du Baxar al-Assad Siriako presidenteak tankeak hirietatik kendu dituela, baina «kezkatuta» dago giza eskubideak gero eta gehiago urratzen direlako: «Egoera oso kezkagarria da. Egunero jasotzen ditugu torturen eta atxiloketa jendetsuen inguruko berriak».
NBEko Segurtasun Kontseiluaren beste 70 behatzaile iritsi ziren atzo Siriara. Annanen arabera, 300 behatzaileak herrialdean izango dira hilabetea amaitu baino lehen: «Behatzaileen presentziak argi eta garbi aldatuko du Siriako egoera. Haien laguntzarekin, bake plana betetzea lortuko dugu, hori baita negoziazioak bideratzeko modu bakarra». Orain arte herrialdera iritsi diren behatzaileek eragin positiboa lortu dutela uste du Annanek: «Behatzaileen lana laster nabarmenduko da, eta, denak iristen direnean, emaitzak jasotzen hasiko gara». Bestalde, Annanek Al-Assad egin du indarkeriaren erantzule: «Siriako presidentearen eskuetan dago nagusiki indarkeria murrizteko erantzukizuna, baina armatutako taldeek ere erasoak eten behar dituzte. Hamabost hilabetetan tiroketen artean bizi izan direnengan pentsatzeko eskatzen diet».
14.500 lagun Siriatik kanpo
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak salatu du 14.500dik gora siriar Jordaniara joan direla erasoetatik ihes egiteko. UNHCRko Jordaniako arduradun Yanis Hasmanem esanetan, ihes egin dutenen kopurua handiagoa izan daiteke: «Iheslari asko ezin izan ditugu identifikatu. Laguntza behar dugu hainbeste herritarren sufrimendua leundu eta bizitzeko lekua aurkitzeko».
Kofi Annan: «Bake plana da Sirian gerra zibila saihesteko azken aukera»
NBEko Segurtasun Kontseiluaren 300 behatzaileak hila amaitu baino lehen iritsiko dira Damaskora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu