Kolektibitate bakarrari bai edo ez esatera deitu dituzte Martinikan eta Guyanan

Autonomia mugatu bat lortzeko aukerari ezezkoa eman eta bi astera egingo dute gaur erreferenduma

2010eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Autonomia instituzional mugatubat lortzeko aukerari ezezko borobila eman eta bi astera, hautetsi kolektibitate bakarreko lurralde antolaketa nahi duten ala ez erabaki beharko dute gaur Martinikan eta Guyana Frantsesean. Baiezkoa ematen badute departamendu eta eskualde biltzarrek bat egingo dute Frantziako Konstituzioaren 73. artikuluaren bidetik. Ezezkoa nagusitzen bada, Frantzia kontinentalean obratuko den lurralde kolektibitateen erreforma modu berean aplikatuko zaie.

Frantziako Konstituzioaren 74. artikuluaren bidetik, Polinesiak eta Kaledoniak dauzkaten estatutu berezien antzekoa lortzea arbuiatu zuten hilaren 10ean, bai Martinikan, bai Guyana Frantsesean. Karibeko uhartean, botoen %78,9 ezetzaren aldekoak izan ziren, parte-hartzea %55,3koa izan zelarik. Hego Ameriketako herrialdean, berriz, %69,8 izan ziren ezetzaren aldekoak, %48,1eko parte-hartze tasarekin. Ondorioz, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak ekainean zehaztutako xedapenen ildotik, itsasoz bestaldeko lurralde hauetako herritarrak beste galdeketa batera deitu dituzte, aldi honetan bai edo ez esateko lurralde kolektibitate bakar bat osatzeari. Martinikak eta Guyanak «tokiko legeak» onartzeko aukera izango lukete; Parisko Legebiltzarraren oniritziarekin, haatik.

Baiezkoaren aldeko kanpaina

Martinikan 74. artikuluaren alde ziren talde politikoek ezezkoaren atsekabeari aurre egin, eta orain,73. artikuluaren bitartez, lurralde kolektibitate bakarrari baiezkoa emateko deia egin diete herritarrei. Hala egin du, esaterako, RMC Aldaketarako Martinikako Elkarretaratzeak: «Aurrerapauso baten alde egin behar da; hortaz, normala da [bigarren bozketako] kanpainan egotea egiak plazaratzeko, aldaketarako bideak bultzatzeko eta ardura hartzea aldarrikatzeko».

Aurreko herri bozketan ezaren alde egin zuten indar politikoek, gaurko erreferendumean, ostera, baietza ematera deitu dituzte herritarrak. Horien artean da Aime Cesaire politika gizon eta olerkari ospetsu zenak sortutako PPM Martinikako Herri Alderdia. Indar autonomista horrek 74. artikuluaren bideari arbuio egin zion «prozesuaren aurretik emandako urratsak argiak ez zirelakoan». Lurralde kolektibitate bakarra, aldiz, ongi iruditzen zaio, Martinikako herritar eta agintarien ardura hartzea bultzatuko duelakoan.Iritzi berekoak dira bigarren bozketarako kanpainan parte hartu duten hamar indar edo egitura politikoetatik ia gehienak.

Ezetza irmoagoa

Guyana Frantsesean, berriz, bigarren herri bozketako kanpainan parte hartu duten sei talde politikoetako lauk ezezkoa ematearen aldeko jarrera aldarrikatu dute. Lurralde horretan irmoagoa izan zen ezetza aurreko erreferendumean; orduan ere Martinikan baino nabariagoa izan zen han agintari politikoek ezezkoaren alde egin zuten kanpaina. Guyana Frantsesean alderdi indartsuena den PSG Guyanako Alderdi Sozialistak ez die bai edo ez bozkatzeko gomendatu boto emaileei, bakoitzari egoki zaiona egin dezala iritzi diolarik.

Martinikan zein Guyana Frantsesean ezezkoak irabazten badu, Frantzia kontinentalean obratuko den lurralde kolektibitateen erreforma berdin-berdin gauzatuko da itsasoz bestaldeko lurralde horietan. Reunion uhartera bisita egin zuen aste honetan bertan Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, eta, berak adierazi du, ordea, instituzio estatuen auzian berdintasunak ez duela badaezpadako araua izan behar: «Lurralde bakoitzak ahal eta behar du bere ibilera eta garapena haren inguruari egokitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.