Minskeko auzitegi batek 11 urteko espetxe zigorra ezarri dio oposizioko buru Maria Kolesnikovari. Harekin batera, Maxim Znak abokatua ere kondenatu dute, hamar urteko kartzela zigorrera. Auzitegiak «boterea bereganatzeko muturreko erakunde bat» zuzentzea leporatu die. Duela urtebete inguru atxilotu zituzten biak, Bielorrusiako presidente Alexandr Lukaxenkoren azken hauteskunde garaipenaren osteko protesten harira. Kondenatuek helegitea aurkezteko aukera izango dute datozen egunetan.
Vesna erakundearen arabera, segurtasun nazionalaren aurkako ekintzak egitea, muturreko erakunde bat zuzentzea eta boterea konstituzioa errespetatu gabe hartzeko lan egitea leporatu diete. Izan ere, fiskaltzaren arabera, Kolesnikovak eta Znakek, oposizioko beste hainbat kiderekin batera, Bielorrusiako agintea hartzeko «konspirazio sekretu bat» hasi zuten iazko uztailaren 16an.
Biek lotura estua dute Viktor Babariko bankari eta presidentetzarako hautagai ohiarekin. Znak haren abokatua izan zen; Kolesnikova, berriz, politikariaren hauteskunde kanpainaren arduraduna. Babariko, ordea, iazko ekainean atxilotu eta espetxeratu zuten —hamalau urteko kartzela zigorra ezarri diote; besteak beste, eroskeria eta dirua zuritzea leporatuta—. Horren ostean, Kolesnikova eta Znak oposizioak eratutako Koordinazio Kontseiluko kide bihurtu ziren.
Erakunde haren helburua herrialdeko boterea «modu baketsuan» eskualdatzea da, eta abuztuaren 9ko hauteskundeen osteko protesten bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Bozetan, Lukaxenkok botoen %80 bereganatu zituen, baina oposizioak eta EB Europako Batasunak ez zuten emaitza onartu, argudiatuta iruzurra egon zela. Are gehiago, Europako Parlamentuak Sakharov saria eman zien oposizioko kideei, «eskubide politiko eta zibilen alde» egiteagatik.
Oposizioko kide nagusietako bat da Kolesnikova, Svetlana Tijanovskaia presidentetzarako hautagaiarekin eta Veronika Tsepkalorekin batera. Haiek ez bezala, Kolesnikovak Bielorrusian geratzearen alde egin zuen. Adierazi zuenez, pasaportea hautsi zuen autoritateek Ukrainarekiko mugara eraman zutenean.
Tijanovskaiak Lituaniatik adierazi du «erregimenak» Kolesnikova eta Znak «indargabetu» nahi dituela, eta «ez beldurtzeko» eskatu die herritarrei: «Gure heroiak indartsu ikusten ditugu. Euren zigorrak amaitu baino askoz lehenago aterako dira». Hala, exijitu dio Lukaxenkoren gobernuari bi kideak «berehala» askatzeko.