5 urteko etengabeko tira-bira eta gatazken ondoren bi herrialdeen arteko harremanak berriro abian jartzea erabaki zuten atzo iluntzean (bart goizaldea Euskal Herrian) Juan Manuel Santos Kolonbiako presidente berriak eta Hugo Chavez Venezuelakoak. Horrenbestez, uztailaren 22an Chavezek bertan behera utzitako harreman diplomatikoak indarrean dira berriro, eta gauza bera gertatu da 2009ko uztailean Venezuelak etendako merkataritza arloko harremanik.
Gainera, gatazka guztiz konpondu ahal izateko bost batzorde abian jartzea hitzartu dute Santosek eta Chavezek, hain justu, gai minberenak aztertzeko: Venezuelak Kolonbiako enpresaburuekin duen zorraz arituko da batzordeetako bat; lehiakortasun ekonomikoaz ariko da beste bat; gizarte aloko inbertsio batzordea, azpiegitura batzordea eta segurtasun arloko batzordea dira gainerako hirurak.
Santosek eta Chavezek elkartzeko aukeratutako lekua adierazgarria izan da: Kolonbiako Santa Marta hiria, sinbolikoa guztiz, etorriko zenaren erakusgarri. Simon Bolivar 1830ean hil zen tokia aukeratu baitute bi agintariek etenda zeuden bi herrialdeen arteko harremanen norabidea aldatu eta aro berri bati ekiteko.
Horrenbestez, Juan Manuel Santos Alvaro Uriberen oinordekoak aurreko presidentearekin lerra ez dezaten bere bide propioa egin nahi duela agerian utzi du beste behin. Santosek bozak irabazi eta biharamunean «elkarlanerako bideak irekitzeko» eskua luzatu zion Venezuelari. Eta Chavezek berak ere ordezkari bat bidali zuen iragan larunbatean haren kargu hartze ekitaldira. Harremanek beste norabide bat hartu zutenaren aurreneko zantzuak ziren horiek. Caracasek, izan ere, iragan uztailaren 22an eten zituen harreman diplomatikoak Bogotarekiko. Kolonbiak AEE Ameriketako Estatuen Erakundeak eginiko akusazioen ostean hartu zuen erabakia. Luis Alfonso Hoyos enbaxadoreak mugaren bestaldean gerrillariak ote dauden ikertze aldera batzorde bat eratzeko eskatu zion erakundeari.
Chavezek beti ukatu du gerrillariak babestu izana, eta horregatik hartu zuen neurria. Uriberen eta Chavezen arteko ezinikusia, baina, asteburuan iritsi zen maila gorenera. Chavez Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegira eraman baitzuen orduan presidentea, kargua hartu baino ordu batzuk lehenago. FARC eta ELNri babesa ematea eta giza eskubideak urratzea argudiatuta hartu zuen erabakia Uribek. Hagak esan du ikerketa egiteko baldintzak aztertuko dituela.
Nolanahi ere, Chavezek Santa Martan berretsi du FARCi eta ELNri ez diela inolako babesik ematen; aitzitik, Venezuelako lurretan sartu izan direnean gerrilla horien aurka oldartu izan dela azpimarratu du, paramilitarren eta narkotrafikatzaileen aurka egin izan duen bezala. Etorkizunean ere bide hori jarraituko duela berretsi du. Uribek Hagan Chavezen aurka egindako salaketari buruz, ostera, ez dute aipamenik egin Kolonbiako eta Venezuelako estatuburuek Santa Martako bileran.
Mundua
Kolonbia eta Venezuelaren arteko aro berri bati ekin diote Santosek eta Chavezek
Harreman diplomatikoak zein merkataritza arlokoak martxan jarri dituzte berriro. Bost batzorde eratu dituzte bi herrialdeen arteko harremanak guztiz bere onera eramateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu