Kolonbia

Kolonbiak armada bidali du Venezuelarekiko mugara

Venezuelako 4.000 herritar inguruk Kolonbiara egin dute ihes joan den asteburutik, FARCeko kide ohien eta militarren arteko borrokengatik.

Venezuelatik ihesi joandako herritarrak, Arauquitan jarritako dendetan, Kolonbian. JEBRAIL MOSQUERA CONTRERAS, EFE
2021eko martxoaren 26a
14:20
Entzun

Venezuelako mugan tropak zabaltzeko agindu du Kolonbiako Defentsa Ministerioak, bertako talde disidenteen eta Venezuelako armadaren arteko liskarrak direla eta. Mauricio Zabala armadaburuaren esanetan, borroketatik ihesi doazen venezuelarren segurtasuna bermatzea du helburu mobilizazioak. «Bermatu nahi dugu iheslarien artean ez dagoela talde armatuetako kiderik», esan du Zabalak.

Iheslarien artean gerrillariak egon daitezkeen susmoa zabaldu du Jose Facundo Castillo Araucako gobernadoreak ere, eta eskatu die segurtasun indarrei identifika ditzatela «benetan laguntza behar dutenak». Alde horretatik, iragarri du indarkeriatik ihesi joan direnen errolda osatuko dutela, «beste inor giza laguntzaz balia ez dadin».

Venezuelako Asanblea Nazionaleko buru Jorge Rodriguezek, berriz, ukatu du Kolonbiarekiko mugan «legez kanpoko talde armatuak» daudela, eta salatu du Kolonbiako gerrillariak direla mugako indarkeriaren erantzule.

Mugakide diren arren, bi herrialdeek ez dute harreman ona, Bogotak Juan Guaido presidente zilegi gisa berretsi zuenetik. Azkenaldian, gainera, giroak okerrera egin du. Kolonbiako presidente Ivan Duquek Nicolas Maduro Venezuelako estatuburuari leporatu dio 2016ko bake akordioetatik urrundu ziren ELN gerrillako kideak aterpetzea herrialdean. Caracasek, ordea, ukatu egin du halakorik.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.