Telesur telebista kateak aurreratu duenez, Kolonbiako Gobernuak eta FARCek bake elkarrizketak hasiko dituzte urrian Oslon. Akordioa gaur izenpetu dute Habanan, eta datorren orduetan Kolonbiako Gobernuak adierazpen bat egingo du.
Telesurreko zuzendariak esan du iturri fidagarriak dituztela, eta maiatzean hasi zituztela hartu-emanak Juan Manuel Santosen gobernuak eta FARCek, Kubako, Norvegiako eta Venezuelako Gobernuek bultzatuta. Oraingoz adierazpenik ez duela egingo iragarri du Kolonbiako Gobernuak.
Goi-mailako ordezakariak lehen harremanetan
Lehen hartu-emanetan Frank Pearl Ingurumen ministroak, Sergio Jaramillo Segurtasun kontseilariak eta Enrique Santos presidentearen anaiak parte hartu dute Gobernuaren aldetik.
FARCen aldetik, berriz, Mauricio komandantea, Mono Jojoyren ondorengoa, izan da ordezkaria, beste hiru gerrillariekin batera.
Ia 50 urte borrokan
Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen arteko borrokak ia 50 urte ditu; 1966. urtean hasi ziren, estatu kolpea eman zuten militarren kontra, Alderdi Komunistaren lehen talde armatuaren bigarren konferentzian Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak (FARC) sortu zirenetik.
1998 eta 2002 urteak bitartean ere hasi zuten bake prozesua bi aldeek, baina orduko horretan adostutakoa ez betetzea leporatu zioten bi aldeek elkarriz, eta hautsi egin zen. Latinamerikako talde armatu zaharrena da FARC.