Kolonbiak eta FARCek ituna sinatu dute bake negoziazioak hasteko

Talde armatuak iaz iragarri zuen armak utzi eta bake prozesua martxan jartzeko nahia; urriaren 5ean hasiko dituzte elkarrizketakGobernuak azaldu du «oraingoz» ez duela akordioaren inguruko adierazpenik egingo

2012ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak iazko abuztuan eman zuen bake prozesua abiarazteko lehen pausoa. Irtenbide politiko bat martxan jarri beharra dagoela nabarmendu zuen erakunde armatuak 50 urte baino gehiago borrokan aritu ostean. «Elkarrizketa da bidea», esan zuen Alfonso Cano erakundeko orduko buruzagiak —azaroan hil zuen armadak—, eta Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteari gogorarazi zion karguaren zina egiteko orduan gorrotoa albo batera uztea eta bake prozesua abiaraztea hitzeman zuela. Urtebete beranduago, gobernuak eta FARCek bake prozesua hasteko akordio bat sinatu dute Kuban.

Venezuelako Telesur telebista kateak Kolonbiako Gobernuko iturriak aipatuz jakinarazi duenez, urriaren 5ean hasiko dituzte elkarrizketak Norvegiako hiriburuan, Oslon. Lehen bilera egin ondoren, Habanara itzuliko dira, «50 urtetik gora iraun duen gatazkari amaiera emango dion bake akordio bat lortu arte mahaitik ez altxatzeko helburuarekin». Hala jakinarazi du Telesurreko informazio zuzendari Enrique Boterok. Gobernuak, baina, argitaratutakoa ukatu ez badu ere, uko egin dio adierazpen ofiziala egiteari«oraingoz».

Elkarrizketak ahalbidetuko dituen ituna sinatu arte negoziazioek luze jo dute. Maiatzean isilpean harremanetan jarri ziren gobernua eta FARC, Boterok azaldu duenez. Prozesua bideratzeko Venezuelako, Kubako eta Norvegiako gobernuen babesa izan dutela gaineratu du. Sergio Jaramillo Segurtasun kontseilaria, Frank Pearl Ingurugiro ministroa eta presidentearen anaia eta kazetari Enrique Santos aritu dira FARCekin negoziatzen, Telesurrek azaldu duenez.

Astelehenean bertan, Eduardo Montealegre herrialdeko fiskal nagusiak adierazi zuen Kolonbiako gatazkaren irtenbidea ez dela armen bidez lortuko. Bakea konstituzioko betebehar eta eskubide bat dela gaineratu zuen, eta Santosi gogoratu zion «bakea lortzeko eta mantentzeko betebeharra» duela.

Santos presidentetzara Alvaro Uribe presidente ohiaren eskutik iritsi bazen ere, karguaren zina egiteko orduan hautsi egin zuen harekin ordura arte izan zuen harreman idilikoa. Uriberen politika militarista alboratuko zuela aginduz hasi zuen Santosek agintaldia 2010ean, eta giza eskubideak errespetatuko zituela hitzemanez. «Bakearen giltzak» berak dituela aldarrikatu du maiz Santosek, eta baldintzek horretarako bidea ematen dutenean erabiliko dituela.

«Kolonbiak behar du eta merezi du, hainbeste odol isuri eta gero. Irudika dezakezu gure herrialdea bakean?». Santosek uztailean egindako adierazpen horiek entzunda, gobernua bake prozesu bat prestatzen ari zela esaten zuten zurrumurruak zabaldu ziren herrialdean. FARCen aurka armadaren bitartez borroka egitearen aldeko estrategiari eutsi nahi izan dion Uribe presidente ohiak iragan astean, hain justu, salatu zuen Santos Kuban gerrillariekin negoziatzen aritu dela. Gobernuak, baina, Uriberen hitzak ezeztatu eta «errespetu falta» egotzi dio agintari ohiari.

Luzaroan ukatutako gatazka

Santosen diskurtso berrituak, ordea, ez du orain arte agindutako bakea ekarri, eta 2010etik herrialdearen militarizazioak bere horretan jarraitzen duela salatu dute giza eskubideen aldeko ekintzaileek. Santosek, gainera, gatazka badela ere ukatu izan du. Hark esatera, gerrillarien hilketak eta bahiketak dira herrialdeak jasaten duen «arazo terrorista» bakarra.

2011ko azaroan, armadak Cano FARCeko buruzagia hil zuenean, askok zapuztuta ikusi zuten urtebete lehenago Santosek piztu zuen bakerako ilusioa. Presidenteak bi aukera zituztela esan zien gerrillariei: «Hainbeste aldiz esan dugun eta egiaztatu dugun bezala, espetxean edo hilobian bukatuko dute».

FARCek azken bahituak apirilean utzi zituen aske, eta ordutik geroz eta handiagoa izan da Santosi erakundearekin hitz egitera esertzeko herritarrek egin dioten presioa. Piedad Cordoba senatari ohiak eta CCP Bakearen Aldeko Kolonbiarrak elkarteko presidenteak herritarrak «gerrarekin nazkatuta» daudela adierazi zuen orduan. Erakundeak egindako urratsaren ondotik, gobernuari exijitu zion bakerako urratsak egiteko. Santosek, ordea, bahituak aske uzteko baldintzaz gain, beste batzuk ere ezarri zizkionFARCi: eraso guztiak gelditzeko, «droga trafikatzeari»eta «haurrak errekrutatzeari» uzteko. FARCek erantzun zion ez dagoela «belaunikatzeko» prest.

2002an zapuztu zen FARCen eta gobernuaren azken negoziazio ahalegina. Orduan orain baino indartsuago zegoen erakunde armatua, eta 300 lagun baino gehiago zeuzkan bahituta. Negoziazioaren aurka egin dutenek, hain justu, salatu dute FARCen bakerako nahia ahul dagoelako etorri dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.