Kolonbiako 500 gerrillari inguruk gose greba mugagabea hasi dute kartzeletan

FARCek datorren astelehenean askatuko ditu bahituta dituen azken hamar militar eta poliziak

Erredakzioa
2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Gose greba mugagabea hasi dute 500 gerrillari inguruk Kolonbiako kartzeletan, Gobernuak CCP Bakearen Aldeko Kolonbiarrak elkarteari kartzelak bisitatzea debekatzeagatik protesta egiteko. Herrialdearen erdialdeko Combita kartzelan hasi zen protesta martxoaren hasieran, hango preso gerrillariek gutun bidez CCPren eta nazioarteko batzorde baten bisita eskatu zutenean, euren «giza eskubideak zertan dauden ikus ditzaten». Gobernuak onartu egin zuen eskaria hasieran, baina Juan Carlos Esguerra Justizia ministroak Kolonbian preso politikorik ez dagoela adierazi zuen. Orduan sortu zen polemika.

Hasieran Combitako presoek hasitako gose grebara herrialdeko beste zazpi espetxetako 500 preso inguru batu dira, FCSPP Preso Politikoentzako Elkartasun Batzorde Fundazioaren arabera. Datozen egunetan gose grebara beste 1.000 preso batuko direla uste du FCSPPk. Mugagabeko gose grebarekin bat egiteaz gainera, CCPren eta nazioarteko batzordeen bisitak ere eskatu dituzte presoek.

Preso politiko estatusa

Piedad Cordoba senatari ohiak zuzentzen duen CCPk preso gerrillariei preso politikoen estatusa aitortzeko eskatzen dio Kolonbiako Gobernuari. Matxinada delituagatik epaitzeak berak euren egoera politikoaren aitortza judiziala erakusten duela nabarmentzen dute FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarreko presoek, eta euren existentzia ukatzen ez jarraitzeko eskatzen diote Juan Manuel Santos presidenteari.

CCPren kartzeletako bisitak ukatu ostean, FARCek bahituta dituen azken hamar militar eta polizien askapenerako baldintza gisa jarri zituen CCPren espetxeetarako bisitak. Izan ere, datorren astelehenean, hilaren 26an da FARC bahitutako hamar militar eta poliziak askatzekoa. Protestak protesta eta baldintzak baldintza, Cordobak atzo berretsi zuen datorren astelehenean hasiko dela FARCen bahituak askatzeko prozesua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.