Kolonbia

Kolonbiako Gobernuak Sarkozyren babesa luke FARCeko gerrillari presoekin egiten ari den mugimenduetan

121 gerrillari preso Chinquinquirako espetxean batu zituzten atzo, FARCen bahituen truke aske uzteko lehen urrats gisa. Kolonbiako zenbait komunikabideren arabera, Alvaro Uribe Kolonbiako presidenteak Nicolas Sarkozy Frantziakoaren babesa du mugimendu horietan guztietan. Iturri horiek diote Rodrigo Granda FARCeko buruzagia aske uzteko eskatu diola Sarkozyk Uriberi.

2007ko ekainaren 2a
13:49
Entzun
Eduardo Morales Kolonbiako Espetxe Institutuko zuzendariak atzo jakinarazi zuen urratsak hasi dituztela FARCeko 200 bat gerrillari aske uzteko. FARCek aspalditik bahituta dauzkan hainbat lagun libre uztearen trukean egingo luke Gobernuak mugimendu hori, besteak beste, Ingrid Betancourt aske lagatzearen truke. Ingrid Betancourt senadorea eta alderdi berdearen hautagaia zen 2002ko hauteskunde kanpainan FARCek bahitu zuenean, eta harrezkero gatibu daukate.

Arestian aipatu bezala, Kolonbiako Gobernuak agertu du urratsak egiten hasi dela hainbat gerrillari libre uzteko: oraingoz, Chinquinquirako espetxean batu dituzte 121 gerrillari eta asteartea bitartean beste 90 inguru hara eramango dituztela espero da, hartara, balizko truke bat errazteko.

Kolonbiako El Tiempo egunkariak gaur jakinarazi du Alvaro Uribe Kolonbiako presidentearen gobernuak FARCen inguruan abiatu duen bide berri horrek Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen babesa duela. Frantziako Gobernuak behin baino gehiagotan adierazi du Kolonbiako gatazkarekiko eta, batik bat, Bentacourten bahiketarekiko interesa, besteak bestek, frantziar batekin ezkonduta egon zenez, Kolonbiako ez ezik Frantziako herritartasuna ere baduelako. El Tiempo haratago joan da, ordea, eta gaur plazaratu duenez, Uriberen urratsak zuzenean ari da jarraitzen Sarkozy eta, gainera, babesa adierazi dio. Areago, gerrillariak bahituen truke aske uzteko egitasmo horren baita Rodrigo Granca FARCen buruzagi nagusietako bat libre uzteko eskatu dio Sarkozyk Uriberi. Kolonbiako gatazka konpontze aldera, FARCekin solas harremanak izango lituzke Frantziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.