Juan Manuel Santos Bogotako ospitale ezagun bateko kirofanora sartuko da gaur, prostatan aurkitu dioten tumorea ken diezaioten. Astelehenean —Euskal Herrian asteartea zen jada— jakinarazi zuen Kolonbiako presidenteak albistea, telebistaz eta irratiz herrialde osoari bidalitako hitzaldi batean. «Muga fisikoak» izango dituen arren «une oro» presidente ardurei eutsiko diela argi utzi nahi izan zuen.
Hitzaldia amaitu ostean, Limara abiatu zen Santos, Hegoamerikaren eta Herrialde Arabiarren arteko hirugarren goi bileran parte hartzera. Oslon FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrekin bake elkarrizketak hasterako Santos ebakuntzatik osatuta egotea espero dute haren medikuek.
Atzerapena
Elkarrizketa horiek, hain zuzen ere, astebete atzeratu dira. Datorren astelehenean ziren hastekoak, urriaren 8arekin, baina Caracol irratiak igandean zabaldu zuen urriaren 14raino atzeratuko zirela, eta «logistika arazoak» aipatu zituen. Santosek laster FARCen ordezkarien aurkako bilatze eta atxilotze aginduak bertan behera utzi behar zituela ere nabarmendu zuten hainbat hedabidek. Santosen herenegungo iragarpenak atzerapenaren benetako arrazoia argitu zuen herenegun.
Kolonbiako presidentea telebista kameren eta irrati mikrofonoen aurrean bere gaitzaren berri ematen ari zen une bertsuan, FARCek urriaren 15eko eguna eman zien elkarrizketen hastapenei. Negoziazio mahaian egotekoa den Rodrigo Granda [Ricardo Tellez] komandanteak, Habanatik, komunikatu bat irakurri zion Kolonbiako Blu irratiari: «Alde bietako alde teknikoek egindako bileran, erabaki zen aurtengo urriaren 15ean Oslo hirian hastea elkarrizketak eta urriaren 17an adierazpen publiko bat egitea». Erantsi zuen komunikatu hori Kolonbiako Gobernuak eta FARCek sinatua zela.
Abuztuaren 26an erdietsi zuten akordioa Kolonbiako Gobernuak eta FARCek, Habanan, Kubako eta Norvegiako gobernuen lekukotzarekin.
Kolonbiako presidenteak jakinarazi du minbizia daukala
Astebete atzeratu dira FARC gerrillarekin astelehenean Oslon hastekoak ziren bake elkarrizketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu