Kolonbiako zerbitzu sekretuetako buruak kargua utzi du

Oposizioko kideak espiatzea egotzi diote, eta horregatik eman du dimisioa, akusazioak ukatu dituen arren

Erredakzioa
2008ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Kolonbiako DAS zerbitzu sekretuetako zuzendari Maria del Pilar Hurtadok dimisioa eman du, oposizioko Polo Democratico Alternativo (PDA) alderdiaren espioitza aferan «erantzukizun politikoa» duela argudiatuta.

Izan ere, joan zen asteartean Gustavo Petro PDAko senatariak salatu zuen Kolonbiako zerbitzu sekretuak bere alderdikideak espiatzen ari zirela. Petrok azaldu zuenez, Jaime Fernando Ovalle, DASeko Politika Arazoetako koordinatzaile ohia, izan zen PDAko kideak ikertzeko agindua eman zuena. «Mugimendu klandestinoekin edota legez kanpoko erakundeekin» loturarik zuten jakin nahi omen zuen Ovallek. Alvaro Uribe presidentearen aldekoek talde paramilitarrekin duten harremana ikertzeko prozesua bultzatu duten legegileetako bat da Petro. Hurtadok esan zuen zerbitzu sekretuen izen ona gordetzeko eman zuela dimisioa, baina berak ez zuela oposizioa espiatzeko agindu, ezta Uribe presidenteak ere.

Uribe indigenekin bilduko da

Hamasei lagun zauritu ziren atzo Kolonbiako hiriburuan, zartarazi zituzten sei lehergailuen ondorioz. Ez ziren lehergai indartsuak eta ez zen inor larri zauritu. Zakar ontzietan zeuden jarrita, hiriko zenbait gunetan, eta seiak batera zartarazi zituzten, 13:00 aldean, Kolonbian. Une horretan, funtzionarioak bi manifestazio ari ziren egiten hiriko erdialdean.

Rodolfo Palomino Bogotako polizia buruak FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrei leporatu zizkien sei leherketak, eta gaineratu zuen martxara deitu zutenek ez zutela zerikusirik izan. 50 milioiko ordainsaria eskaini dute informazio truke.

Funtzionarioek ez ezik, azukre kanabera ebakitzaileek ere lan etenaldia egin dute Kolonbian, eta indigenen martxa ere abian da joan zen asteartetik, herrialdeko hego-mendebaldean. Martxa hori dela eta, Uribe presidenteak jakinarazi zuen bihar bilduko dela indigenekin Cali hirian. La Marian hasi zen indigenen aldeko martxa, eta eta milaka lagun bildu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.