Ekialde Hurbilerako Nazioarteko Laukoteak -Ameriketako Estatu Batuak, Errusia, Europako Batasuna eta Nazio Batuen Erakundea biltzen dituen egiturak- kolonietako eraikuntza lanen gaineko moratoria luzatzeko eskatu zion atzo Israelgo Gobernuari. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak kokagune judu gehiagoren eraikitze lanak hamar hilabetez gelditzea ebatzi zuen iazko azaroaren amaieran. Geldialdia igandean bukatuko da, baina, zenbait iturriren arabera, Netanyahu hura luzatzeko prest legoke AEBek Jonathan Pollard espioi judua askatzen badute. Pollard bizi osorako kartzela betetzen ari da herrialde hartan.
Laukoteak plazaratutako agirian irakur daitekeenez, haatik, «kolonizazioa gelditzeak ondorio onuragarriak izan dituela argi egonda, luzatu dadin gomendatzen diogu Israeli». Agirian ere, nazioarteko egiturak salatzen ditu Ekialde Hurbilean azken egunotan gertatu diren indarkeriak, eta Tel Avivi eskatzen dio palestinarrei jarritako blokeoa arintzeko.
Abbasek bereari eusten dio
Anartean, Israelen eta PAN Palestinako Aginte Nazionalaren arteko zuzeneko negoziazioak berriz hasi direlarik, PANeko presidente Mahmud Abbasek berretsi du ez duela Tel Avivekin hizketan jarraituko, koloniak eraikitzen hasten badira. PANeko presidentearen aholkulari Nabil Shaathek Egiptoko Al Aram egunkariari eginiko adierazpenen arabera, Abbasek bere kargua ere utz lezake, Israelek kokagune juduak eraikitzeari ekingo balio berriro.
Beste kontu batean, Israelek 2008ko abenduaren 27a eta 2009ko urtarrilaren 18a bitartean Gazaren kontra eginiko Berun urtua erasoaldiak badu oraindik segidarik. Nazio Batuen Erakundearen aginduz, Israelek eta Hamasek egin behar zituzten ikerketekin ez da bat etorri aditu taldea, eta euren kontra eginiko akusazioak argitzeko xedean, bi aldeek «porrot» egin dutela nabarmendu dute. Adituek leporatu diete Gaza eta Israelgo agintariei ikerketa sakonik ez egitea.
Koloniak eraikitzeari uzteko eskatu dio Laukoteak Israeli
'Goldstone txosteneko' salaketak egiaztatzeko lanean Israelek eta Hamasek «porrot» egin dutela salatu du NBEk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu