Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua Palestina eskubide osoko estatu kide egin ala ez egin erabakitzen ari den bitartean, joko bikoitza egiten ari da Israel. NBEko bidea itxi eta negoziazioen mahaira behartu nahi ditu palestinarrak; alabaina, ez du amore eman Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko buruaren eta Barack Obama AEBetako presidentearen eskariaren aurrean, eta lurralde palestinarretan kolonia judu gehiago eraikitzen ari da. Bakea eta koloniak aldi berean eraiki nahi ditu Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, bi bideak bateraezinak direla jakin arren.
Jerusalemgo Barrutiko Planifikazio Batzordeak hiriaren hegoaldeko Gilo auzoan 1.100 etxebizitza eraikitzea onartu zuen atzo. 1967ko marra berdetik kanpo dago Gilo, eta, beraz, lurralde palestinarra da. «Urte berriaren opari ederra da», adierazi du Yair Gabai batzordeko kideak; izan ere, gaur hasten da urte berria juduen egutegian; 5.772. urtea, hain zuzen. Azken urteotan Israelek Jerusalem ekialdeko lurrak bere egin ditu, nazioarteko legediari jaramonik egin barik, eta egun 250.000 israeldar bizi dira hirian okupatutako lurretan sortutako auzo juduetan.
1.100 etxebizitza eraikitzeko erabakia hartu duen batzordea Israelgo Barne Ministerioaren menpe dago, eta, beraz, Tel Aviveko gobernuak erantzukizun zuzena du. «Lehen ministroak du beti azken erabakia, hala iritziz gero badu proiektua atzera botatzeko eskumena. Baina uste dut horrela nahi izan balu dagoeneko emana zukeela pausoa», esan du Roi Lajmanovich Barne Ministerioaren bozeramaileak. Dena dela, AEBek eta Europako Batasunak gaitzetsi egin dute Tel Aviven erabakia. «Neurri probokatzailerik ez hartzeko eskatu diegu bi aldeei, eta oso penatuta nago koloniak gehitzea erabaki dutelako. Atzera bota behar lukete plana, bi estatuen aterabidearen bideragarritasuna kolokan jartzen baitu», esan du Catherine Asthon EBko diplomazia arduradun gorenak.
Gainera, Jerusalemgo Gilo auzoan eraikitzeko erabakia hartu duten egun berean eskuin muturreko hainbat politikarik gutuna bidali diote Netanyahuri, palestinarrentzat zigor eske. NBEn estatu aitorpena eskatzearen ordainetan bost zigor neurri hartzeko eskatu diote: Zisjordaniako kolonia juduak Israelera ofizialki anexionatzea, PANi zergen bidezbildutako dirurik ez ematea; lurralde okupatuetan eraikuntza areagotzea, funtzionario palestinarrei nortasun agiri bereziak—Israelen sartu ahal izateko agiriak— kentzea, eta Israelen kontrol militarraren menpe dauden lurretan palestinarrei eraikitzea debekatzea. Besteak beste, Likud Netanyahuren alderdiko Ze've Elkinek, Shas alderdiko Abraham Michaelik, Habayit Hayehudi alderdiko Uri Orbachek eta Batasun Nazionaleko Yaakov Katzek sinatu dute gutuna.
Laukoteari erantzuna
Une korapilatsuan hartu du Israelek kolonia gehiago eraikitzeko erabakia. NBEko Segurtasun Kontseiluko hamabost kideek joan den astelehenean hasi zuten Abbasen eskariaren gaineko eztabaida, eta gaur berriro bilduko dira palestinarren eskaria Onarpen Batzordera igortzeko. Bitartean, Segurtasun Kontseiluaren bozketa atzeratu eta palestinarrak eta israeldarrak negoziazio mahaira behartzeko lanean ari dira bereziki AEBak.
Palestinarrak prest agertu dira negoziazioei ekiteko, baina beti ere Israelek baldintza jakin batzuk bermatuz gero: 1967ko mugak aitortzea eta kolonien politika bertan behera uztea. Israelek, ostera, bere segurtasunaren aitzakian, ez du onartzen ez bata ez bestea, eta negoziazioetara joateko baldintza bi jarri dizkio PANi: inolako aurrebaldintzarik ez jartzea eta palestinarrek Israel estatu judu gisa aitortzea.
Ekialde Hurbilerako Laukoteak —AEBek, EBk, Errusiak eta NBEk—, bitartean, elkarrizketei ekiteko proposamen jakina egin diete bi aldeei. Hilabeteko epea eman diete lehen bilera egiteko, eta bilera horretan negoziaziorako agenda eta metodoa adostu behar dute. Proposamenaren arabera, alde bakoitzak hiru hilabeteko epea izango du gatazkaren bi auzi zailenen inguruko ikuspuntuak —mugen eta segurtasunaren gainekoak— mahai gainean jartzeko; gero, sei hilabete izango dituzte funtsezko aurrerapausoak emateko. Laukotearen arabera, 2012rako lortuko lukete behin betiko bakea bermatuko duen azken akordioa.
PAE Palestina Askatzeko Erakundeak gaur aztertuko du Ramalan Laukoteari zer-nolako erantzuna eman. Netanyahuk, berriz, atzo bildu zituen bere zortzi ministro nagusiak, Laukoteari eman beharreko erantzuna erabakitzeko. «Jerusalemgo eraikuntza proiektu berria da Israelek Laukoteari emandako erantzuna», esan du Saeb Erakat PANeko negoziazio buruak.
NBEren eskaria
NBEko hiru behatzaile independentek Zisjordaniako eta Jerusalem ekialdeko palestinarren etxeen eraisketa politika bertan behera uzteko eskatu dio Israeli. «Aurten dramatikoki ugaritu dira eraisketak», nabarmendu dute Raquel Rolnik, Catarina de Albuquerque eta Olivier de Schutter behatzaileek. «Israelen jarduerek giza eskubideak eta giza legea urratzen dituzte», salatu dute. Aurten, 755 palestinar atera dituzte indarrez euren etxeetatik, eta ur biltegiak ere apurtu dizkiete, azaldu dutenez. Palestinarren etxebizitzen eraisketa salatu arren, ordea, behatzaileek ez dute aipatu Israelen kolonien eraikuntza politika.
Gazan, bestalde, hiru langile palestinar hil dira lur azpiko tunel batean, Egiptok tunela urez bete ostean. Israelek 2007an Gaza blokeatu zuenetik garrantzi handia hartu dute Egiptorako tunelek, hornidura bide bakar bihurtu zirelako. Lau urtetan 160 palestinarretik gora hil dira tuneletan.
Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa, NBEn
Koloniak eta bakea aldi berean eraiki nahi ditu Netanyahuk
Jerusalemgo Gilo auzoan, okupatutako lurralde palestinarrean, 1.100 etxebizitza eraikitzea erabaki du IsraelekLaukotearen proposamenari zer erantzun aztertuko du gaur PAEk Ramalan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu