Irailetik hona, Israelek 1.712 etxebizitza eraikitzeko lanak hasi ditu Zisjordaniako kolonietan. Iaz, urte guzian, 1.888 hasi zituen. Shalom Ajsav (Bakea Orain) gobernuz kanpoko erakundearen datuak dira. Erakunde horrek dioenez, «urte anitzetan» ikusi gabeko erritmoan ari da eraikitzen. «Munduak gelditzera behartu baino lehen, gobernuak ahalik eta gehiena eraiki nahi du, kolonien balizko desegitea zailtzeko», salatu du Shalom Ajsavek.
Saeb Erekat PAN Palestinako Aginte Nazionaleko negoziatzaileak iragarri du, berriz, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak heldu den otsailean eztabaidatu lezakeela kolonietako eraikuntza lanen gaitzespen testuari buruz. Ebazpena onartzea espero du Erekatek; bertzela, Nazioarteko Justizia Gortera joko dutela iragarri du. Negoziazioen eteteari buruz, berriz, erran du bi estatu sortzeko «aukerarik» egon ezean negoziatzeko «arrazoirik» ez dagoela.
Estatuaren onarpena
Bitartean, Palestina estatu independente bezala onartu duten herrialdeen zerrenda luzatuz doa; bereziki, Latinoamerikan. Azkena Uruguai izan da. Luis Almagro Atzerri ministroak jakinarazi du urtarrilean onartuko dutela ofizialki Palestinako estatua. Boliviak ere joan den astean iragarri zuen erabaki berbera. Hego Amerikako bi herrialde nagusiek, Brasilek eta Argentinak, berriki onartu dute estatua.
Gazari dagokionez, Israelgo armadako ofizial batek adierazi du «denbora kontua» dela gerra berriro ere lehertzea, Hamasek boterean segitzen badu. Dan Meridor Israelgo lehen ministrordeak ere ohartarazi du ez dutela onartuko Gazatik Israelgo eremura kohete gehiago jaurtitzea. Izan ere, israeldarrek salatu dute azken asteetan koheteen jaurtiketa kopurua igo egin dela. Hori argudiatuta, 2008ko abenduan Israelgo armada Gazan sartu zen, eta 1.400 palestinar hil zituen. Aurten, NBEren arabera, armadak 62 palestinar hil ditu Gazan; Israelera jaurtitako koheteen ondorioz, berriz, lagun bat hil da.
Kolonietako eraikitze lanen erritmoa bizitu du Israelek
PANek espero du Zisjordaniako kolonietako zabaltze lanen gaitzespen testua otsailean onartzea NBEko Segurtasun KontseiluakGazan berriz ere gerra lehertzea «denbora kontua» dela diote Israelgo iturriek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu